Born to dance dantza eskolako ikasleek ikuskizuna eskainiko dute etzi, igandea, Baztartxo antzokian. 12:00etan hasita, Jenny Calero dantzari azkoitiarraren eskolako haurrak, gazteak eta helduak igoko dira antzokiko oholtzara ikasturtean zehar ikasitako urratsak dantzatzera.
Guztira, 200 bat lagunek parte hartuko dute igandeko ikuskizunean, 5 eta 50 urte bitartekoak denak ere. Ohi bezala, askotariko dantzak eskainiko dituzte jendaurrean, hala nola areto dantzak eta musikal edo funky erakoak.
Emanaldirako sarrera guztiak agortuta daude dagoeneko. Ordea, berrikuntza moduan eta ikusleek ere nolabait parte har dezaten, antzokiko sarreran Gabonetako photocall bat jarriko dute, hala nahi dutenek argazkiak atera ditzaten. Horrez gain, zozketak eta jokoak egingo dituzte emanaldian zehar.