Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bonifacio Fernandez bilbotarraren txistua isildu da betirako

Dokumentuaren akzioak

Bonifacio Fernandez bilbotarraren txistua isildu da betirako

Egilea
A.B.
Komunikabidea
Gara
Tokia
Bilbao
Mota
Albistea
Data
2009/11/02

1924an Bilbon jaioa -Plaza Barrian bertan omen zuen bizitokia- eta jostuna lanbidez, gaztetan txistua jotzen bere kontura ikasi eta Udal Txistulari Eskolako irakasle eta zuzendari izan zen -Landaluzerekin batera sortu zuena-, 1957an eskola sortu eta 1989an jubilatu zen arte.

Maisua

Maisua gogoan, Garikoitz Mendizabal Bilboko Txistulari bandako zuzendariak eta Fernandezen ikasle izandako Patxi Zorrozua txistulariak hitz gozoak zituzten atzo Bonirentzako.

Mendizabalen esanetan, «orain hogeita hamar urtetik atzera oso disko gutxi grabatzen ziren eta Polentxi Gezala eta Isidro Ansorenarekin batera erreferente izan zen Boni». Txistua jotzerakoan, «bakarlari bezala ezhoikoa zen, oso trebea eta harrigarria. Aro bat markatu zuen gainera danbolinarekin zuen abileziagatik» dio egun Bilboko Txistulari bandako zuzendaria denak. Eta Zorrozuak berretzi egiten ditu hitzok. «Txistulari bikaina zen taldean zein bakarlari, eta disko batzuk ere grabatu zituen». Bilbon «txistuaren imagina eta ikurra Boni izan da» Zorrozuaren ustez, eta kanpoan ere, «txistuaren enbaxadore gisa ibilia da, Estatu Batuetan, Alemanian....».

«Irakaskuntzan ere lan handia egin zuen» Bilbon Fernandezek, Mendizabalen esanetan, eta txistu irakasle gisa ehundaka ikasle izan zituen Txistu, Pandereta eta Alboka akademian. Horietariko bat, Zorrozua bera. «Maisu maitatua izan genuen» dio ikasleak miresmenez, «eta pertsona bezala atsegina oso, etxekoia eta jatorra». Izan ere, «ez dut inor ezagutzen Boniri buruz hitz zatarrak dituenik».

Gainera, 1927an sortu zen Euskal Herriko txistulari elkartearen bizkaiko delegazioa gerra ostean «suspertu eta mantentzen ere izugarrizko lana egin zuen».

Bilbon zioten maitasunaren erakusle, jubilatu zen urtean bertan «inauterietako Zaranbolas eta Aste Nagusiako pregoilari jardun zuen», gogoratzen digu Mendizabalek, eta «Euskal Herriko Txistulari elkarteak Urrezko Domina eman zion», gaineratu du Zorrozuak. Egindako lan eskerga estimatzeko beste makina bat sari ere jaso zituen gizonak, Bilbo inguruko herritarrek eta elkarte ezberdinek emanak.

Jubilatu ostean ere Zazpi Kaleetan txistua joaz ibili ohi zen Boni, harik eta gaixotasun batek kalejiran ateratzea eragotzi zion arte.

Larunbat goizaldean azken hatza eman zuen Bonifacio Fernandezek, baina bere txistuaren doinuak bizirik dira ikasle izan zituen eta egun txistulari bikain diren guztiei esker.

Dokumentuaren akzioak