Dokumentuaren akzioak
Bolivia, Bulgaria eta Euskal Herriko taldeak arituko dira gaur Portugaleteko jaialdian
Folklore erakustaldia udalerriko Zubi Alde kiroldegiak hartuko du, gaueko hamarretan
Mayas musika taldeak lagundurik, Cochabambakoek Hegoamerikako dantza tradizionalak erakutsiko dituzte. 1974an eraturiko konpainia, gaur egun, Boliviako Kultura Ministerioaren babesa du, eta, horri esker, dantzarien profesionaltasuna eta dantzarekiko dedikazioa erabatekoa da. 1986an Argentinako Zilarrezko Erretilua jaso zuen, Hegoamerikan folklore mailan dagoen saririk garrantzitsuena. Duela hiru urtetik, taldeak umeak folklorean trebatzeko eskola zuzentzen du.
Bulgariako Naiden Kirovek, berriz, badu berezitasun bat: konpainiako artistek dantzatu ez ezik, abestu eta musika tresnak jotzen dituzte. Beren jantzien aberastasunak eta Bulgariako lurraldeen folkloreari egiten dioten gainbegiratu sakonak erakargarri bihurtzen dituzte saioak. Naiden Kirovek 1960an ikusi zuen argia, Danubiotik gertu dagoen Rousse herrixkan. Hasieratik, Ivan Donevek gidatu du konpainia bulgariarra.
Azkenik, jaialdiaren antolatzaile den Elai-Alaik Euskal Herriko dantza tradizionalak aurkeztuko ditu; hala nola, Bizkaiko dantzari dantza, Gipuzkoako ezpatadantza eta erreberentzia, edo Otxagabia eta Zuberoako dantzak. Elai-Alai 1962an sortu zen Portugaleten, eta, ordutik hona, Europako hainbat folklore saiotan egon da. Halako esperientziak gurean ere erein behar zirela eta, orain dela 28 urte Portugaleteko lehen Folklore jaialdia antolatu zuten.
Dokumentuaren akzioak