Dokumentuaren akzioak
Boiseko Jaialdi 2015, festa handi honetan parte hartu nahi duten talde eta artisten bila ari da
Boiseko euskal komunitatearentzat, eta oro har, AEBetako bazter guztietatik eta Euskal Herritik etortzen diren ehundaka lagunentzat, Diasporako festarik nagusienetakoa da Jaialdi. Bost urtean behin ospatzen da, Boisen, eta bertan bizi ohi den giroa aparta izaten da: musika, kantua, kirolak, aurkezpen eta ekitaldiak, parranda eta euskal kulturaz gozatzeko grina.
Hurrengo edizioa 2015eko uztailaren 28tik abuztuaren 2a bitartean egingo da, baina antolatzaileak hasiak dira lanean. Hori dela eta, gonbidapena luzatu diete Jaialdin parte hartu nahi duten musika talde, abesbatz, dantza talde edo beste edozein motako artistei. Denbora dexente falta bada ere, horrela taldeek AEBetara bidaiak antolatzeko eta finantzatzeko epe luzeagoa izango dute.
Bidali proposamena
Festan parte hartu nahi duten taldeek euren proposamena aurkeztu behar diote antolakuntzari, aurtengo abuztua amaitu baino lehen. Horretarako nahikoa dute antolakuntzak sortu duen www.jaialdi.com webgunera jotzea eta bertan taldeentzako sortu duten eskabidea betetzea. Lau hizkuntzatan eskuratu daiteke inprimaki hau: euskaraz, ingelesez, gaztelaniaz eta frantsesez.
Antolakuntzak proposamen horien artean batzuk bakarrik aukeratu ahal izango ditu, eta 2013ko azaroan jakinaraziko da nortzuk diren Jaialdin parte hartuko dutenak. Horrela, talde horiek bidaia antolatzeko eta finantzatzeko epe zabala izango dute.
Jaialdik, aukeratutako partehartzaileei, otorduak eta bizitokia eskainiko dizkie uztailaren 28tik abuztuaren 3ra. Partehartzaileen erantzukizuna izango da Boiserako joan-etorriko bidaien ordutegia, ordainketa eta antolaketa egitea.
Dokumentuaren akzioak