Dokumentuaren akzioak
Boiseko euskal dantzariak
Harro daude euren jatorriaz. Pozik sustrai euskaldunak
dituztelako, eta horregatik saiatzen dira kosta ahala kosta euskal
ohiturak mantentzen. Amerikako Estatu Batuetako Idahon euskal komunitate
indartsua dago egun. Euskaldunen kalea, frontoia, euskal etxea eta
taberna dituzte hiriburuan, Boisen. Hango Oinkari dantza taldea eta
Amuma Says No musika taldea Euskal Herrian dira egun hauetan. Hainbat
emanaldi eskainiko dituzte.
«Gure identitatea ez galtzeko
garrantzitsua iruditzen zaigu tradizioak mantentzea. Horregatik
dantzatzen gara», adierazi du Michael Murgoitio Oinkari dantza taldeko
kideak. Igandero biltzen dira 60 pertsona inguru Boiseko euskal etxean
dantzatzeko. Batez ere, jende gazteak osatzen du taldea, 30 urte arteko
pertsonek, eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Luzaideko dantzak ikasten
dituzte. Murgoitio lehen aldiz etorri da Euskal Herrira, eta zoratzen
dago: «Nire bizitza aldatu egin da. Amerikarra eta euskalduna sentitzen
naiz ni, eta hemengo kultura oso berezia iruditzen zait. Boisen
euskaldunok ospe ona daukagu; batzuek inbidia ere badigute». Euskal
Herriko jendearen abegikortasunaz harrituta dago: «Ezagutzen ez
gaituzten pertsonek ere lagun minak izango bagina bezala tratatzen
gaituzte».
Historia luzea du Oinkari dantza taldeak; orain dela
50 urte sortu zen, eta Euskal Herriko dantza taldeekin harremana izan
du, betidanik. Galdakaoko Andra Mari dantza taldeak egin ditu zubi
lanak, batez ere, bidaia antolatzerako orduan. «Bost urtetik behin
jaialdi erraldoi bat egiten dute Boisen, eta 2005ean izan ginen han
eurak gonbidatuta. Hurrengo urtean haiek etorri ziren Euskal Herrira»,
azaldu du Mikel Goitia Galdakaoko Andra Mariko kideak.
Dantza irakasle, Idahon
Dantza
eskolak ematen ere izana da Goitia pare bat aldiz, Boisen. Esperientzia
izugarria izan zela dio, eta zorte handiko pertsona sentitu zela.
«Gogorra da dantza talde baten ardura eramatea Euskal Herrian.
Erakundeek ez gaituzte baloratzen. Harrigarria da hara joan eta gauzak
aurrera ateratzeko zer-nolako indarra duten ikustea. Estatu Batuetan
jaiotako pertsonak dira; Euskal Herritik joandako hirugarren eta
laugarren belaunaldiko jendea da, eta euskal ohiturei eusten jarraitzen
dute. Zirrara sortzen dit, oraindik ere, egun haietaz gogoratzeak».
Amuma
Says No musika taldeak girotuko ditu plazak Oinkariren dantza
emanaldien ondoren. Izenaren jatorriaren berri eman du Fean Aucutt
pandero jotzaileak: «Izenari buruz eztabaidatzen ari ginela taldeko
abeslaria kexatu egiten zen, proposatutakoak bere amonari ez
zitzaizkiolako gustatuko. Hortik sortu zen Amuma Says No». Amona Lidia
Aldape da, oso ezaguna Boiseko euskal komunitatean. Lekeitioko eta
Ispasterko gurasoak zituen, eta Ameriketako Estatu Batuetan jaio zen
arren, euskara ez du galdu.
Abesti amerikarrak eta euskaldunak tartekatzen ditu taldeak, euskaraz eta ingelesez, erromeria girokoak. «Pirritx eta Porrotxen Maite zaitut abestia eta Joseba Tapiaren batzuk jotzen ditugu.
Daniel
Ansotegi taldeko trikitilariak Joseba Tapia bera izan zuen irakasle.
«Boisen egon zenetik ezagutzen nuen, eta Euskal Herrira etorri nintzen
batean lau bat eskola eman zizkidan». Gainontzekoa, etxean bere kasa,
belarriz ikasi du Ansotegik. Aitarengandik datorkio afizioa, hura
artzain zela trikitiarekin egoten omen zen mendian, eta euskal musika
entzuten hazi zen. «Gure bizimoduaren parte da euskal kultura». Taldeak
ez du geratzeko astirik; Boisen San Ignazio eguneko festan, San
Frantziskon eta Renoko euskal etxeetan joko dute. Boiseko euskal
jatetxean hilero ematen dituzte kontzertuak, gainera.
Musika eta
dantzaz gain, ordea, hizkuntza ere maite dute. Aucuttek eta Ansotegik
euskara hutsean eman dituzte azalpen guztiak. «Euskalduna izateko
euskaraz jakin behar nuela ohartu, eta Lazkaoko barnetegira etorri
nintzen. Etxean ingelesez egin izan dugu beti», esan du Aucuttek.
Emanaldiak eta turismoa
Astebeteko
egonaldia egingo dute Boiseko ordezkari euskaldunek Euskal Herrian.
Dagoeneko Gernikan eta Gasteizen eskaini dituzte emanaldiak. Larunbatean
Hendaian izango dira, eta igandean Añorgan (Donostia). Añorgan,
19:00etan, Arkaitz dantza taldea izango dute lagun. Tartean Euskal
Herriko parajeak ezagutzeko eta festez gozatzeko asmoa ere badute,
ordea. Lesakako sanferminetara joango dira, ziurrenik.
Oinkari dantza taldea Iruñean dantzatu zen asteartean. / IÑIGO URIZ/ ARGAZKI PRESS
Dokumentuaren akzioak