Dokumentuaren akzioak
Blusa guztiak erantzi, eta dotore jantzi
Garai bateko ohiturei eusteko, elegante eguna izango dute gaur Andoaingo Santa Krutz jaietan
Orain urte batzuk herritar asko eta asko janzten ziren elegante Santa Krutz egunez. Ohitura baino zerbait gehiago zen. Gerora, aldatuz joan da egoera. Ez erabat, ordea. «Kale Nagusian bizi diren hainbatek jarraitzen dute oraindik ohitura horri eutsiz. Guk lagundu egin nahi diegu, eta tradizioa jende gaztearengana zabaldu», adierazi du Arberasek. Arrasatek (Gipuzkoa) Maritxu Kajoi egunean edota Azpeitiak (Gipuzkoa) elegante egunean hartzen duten itxura Andoainera iristea gustatuko litzaieke antolatzaileei.
Lehenengo aldiz egingo dute halako egun bat, eta badirudi erantzun polita izango duela antolatzaileen ideiak. Arberasen hitzetan, luzerako apustua egin nahi izan dute, eta ezinbestekoa litzateke jendeak ongi erantzutea: «Antolatzaileok dakigula, gazte asko ari dira elegante janzteko arroparen bila, eta izugarri pozten gara». Antolatzaileen arabera, ez da derrigorrezkoa oso dotore janztea, ekitaldiarekin bat egitea eta ongi pasatzea da garrantzitsuena.
Bada, ongi pasatzeko aukera ederra izango du hala nahi duenak. Izan ere, kalejira elegantea abiatuko da Zumea plazatik, arratsaldeko zortzietan. Izenak berak dioen moduan, elegante jantzita dauden guztiak kalejira egingo dute, txarangaren atzetik. Lehenago, baina, protagonistak herri kiroletan ikusteko aukera izango da. «Herritar denek parte hartu ahalko dute herri kiroletan, baina elegante jantzita dauden guztiak bertan aritzea da gure asmoa», esan du Arberasek.
Herri kirolak, musika eta umorea izango dira nagusi gaur. Bihar, berriz, haurren txanda izango da. Goizeko hamaiketan arrantza lehiaketa izango dute, eta orduerdi geroago, bizikleta festa egingo da herriko kaleetan zehar. Arratsaldean ere izango dute zer eginik etxeko txikienek. Zumea plazan puzgarriak jarriko dituzte, eta Izartxo taldeak jolasak antolatuko ditu. Hori guztia gutxi ez, eta antzerki bat ikusteko parada ere izango dute.
Gauean, berriz ere, helduagoek parranda egiteko aukera izango dute. Kontzertuak izango dira Gorkore, Derive eta Ingo al deu taldeen eskutik.
Jaiak etzi amaituko dira, eta merezitako agurra emateko, egitarau oparoa prestatu dute antolatzaileek. Goizean goizetik dultzaineroek alaituko dituzte kaleak, eta artisauen azokara bisitak egiteko modua izango da. Eguerdia baino lehen, Urki dantza taldeak ikuskizuna eskainiko du. Arratsaldean ere izango da zer ikusi eta zer gozatua. Bertsolariak entzun bitartean, sagardoa dastatzeko aukera ederra izango da. Gaueko hamarretan, azkenik, txosnen itxierarekin amaituko dira festak.
Egitaraua
GAUR
• 10:30. Ezpata dantza.
• 12:00. Txakoli dastatzea.
• 17:00. Haur jolasak.
• 18:00. Herriko gazteen arteko herri kirol saioa.
• 20:30. Kalejira elegantea.
• 22:30. Kontzertuak Herena, Zakilers eta Fiachras taldeekin.
BIHAR
• 12:00. Kantu kalejira.
• 12:00. Haurren bizikleta festa.
• 14:30. Auzo bazkaria.
• 20:00. Sardina jatea.
• 22:30. Danborrada.
• 23:30. Kontzertuak Gorkore, Derive eta Ingo al deu-rekin.
ETZI
• 10:00. Eskulangileen azoka.
• 16:30. Tortilla txapelketa.
• 18:00. Sagardo lehiaketa.
• 18:30. Bertsolariak.
• 22:00. Txosnen itxiera.
Ezpata dantza egingo dute, gaur goizean, Andoaingo dantzariek. / IMANOL OTEGI / ARGAZKI PRESS
Dokumentuaren akzioak