Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Blanca Arrietak 'Rest' obra estreinatuko du La Fundicion aretoan

Dokumentuaren akzioak

Blanca Arrietak 'Rest' obra estreinatuko du La Fundicion aretoan

Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2008/03/12

Asteburu honetan estreinatuko dute Rest Bilboko La Fundicion aretoan. Larunbatean eta igandean, eskainiko dute, 20:30ean. Uztailaren 10ean, berriz, Donostiako Gazteszenan egingo dute emanaldia. 50 minutu inguruko iraupena dauka lanak. Hiru dantzarik parte hartuko dute: Jorge Lastrak, Robert Jacksonek eta Blanca Arrietak berak. Zuzeneko musika obraren osagarri garrantzitsua da; izan ere, Agustin Perez musikariak biola joko du agertokian, eta erritmo bereziko ukitua emango dio. Gorputzen mugimenduak zuzeneko musikarekin elkartzean sortzen da obraren hizkuntza Arrietak azaldu duenaren arabera.

 

MUGIMENDUA ETA ABIADURA. Denbora errealaren geldotasuna eta mugimenduen abiadura azkarra aurrez aurre jarri ditu bere azken lanean koreografoak. Hala, ikuskizunean kontrastea sortu duela adierazi du Arrietak. «Lasaitasuna eta gelditasunaren ideiekin jolastu gara; abiadura handiko mugimenduarekin nahastu ditugu». Gainera, gertatzen ari dena ikustean eta garrantzitsuena zer den aztertzean ikusleak tentsioa sentituko duela esan du Arrietak.

Bestalde, Perezek interpretatuko dituen musika obrak Sascha Engelek sortu ditu. Sascha alemaniarra da, eta musika elektronikoa konposatzen du. Arrietak zuzentzen duen konpainiak Engelek sortutako musikarekin lan egin duen lehenengo aldia da. «Erabiliko dugun musikak elementu ugari nahasten ditu», azaldu du koreografoak.

Aurretik, Vertigo, Zero, 3600, Memoria eta Efecto mariposa sortu ditu Arrietak. Matxalen Bilbao koreografoaren Mutis obran zuzendari kide ere izan zen. Eta horietaz gain, John Scott, Irish Modern Dance Theatreko zuzendari artistikoaren Silvery Snot ekoitzi du Ciento Cincuenta Cuerdas taldearekin.

Dokumentuaren akzioak