Joan den larunbatean eman zioten hasiera aurtengo gazteen mailako dantza suelto txapelketen denboraldiari Errezilen, eta emaitza ezinhobeekin etxeratu ziren Bizkargi musika eta dantza eskolako kideak. Izan ere, Nora Aizpuruk eta Iker Zabalak osatutako bikotea izan zen parte hartu zuten bederatzi bikoteetan onena. Bi dantzariak azpeitiarrak diren arren, Bizkargi eskolako kideak dira.
Aitor Sorazu irakaslea "oso pozik" dago bere ikasleen lorpenarekin. "Iaz ia txapelketarik jokatu gabe joan zen denboraldia, eta aurtengo lehenengoan garaipena lortzea poztekoa da, noski". Joan den urtean Zarauzko txapelketan besterik ez zuten parte hartu Bizkargiko gazteek, eta aurten, "oraindik dena nahiko airean" dagoen arren, dozenerdi bat txapelketa jokatu ahal izateko itxaropena badu Sorazuk.