Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bizkaiko herri dantzei buruzko erakusketa bat inauguratuko du ostegunean Bilboko Euskal Museoak

Dokumentuaren akzioak

Bizkaiko herri dantzei buruzko erakusketa bat inauguratuko du ostegunean Bilboko Euskal Museoak

Ekainaren 23ra arte ikusgai

Bilboko Euskal Museoak "Bizkaiko Herri Dantzak" aldi baterako erakusketa inauguratuko du ostegun honetan, martxoaren 21ean. Bizkaiko Dantzarien Biltzarrarekin batera antolaturiko erakusketan, dantzen eta erabilitako arropa nagusien bitartez, Bizkaiko dantzei buruzko ahalik eta ikuspegirik zabalena eskaini nahi da.
Komunikabidea
Europa Press
Mota
Albistea
Data
2013/03/20
Lotura
Europa Press

Erakusketaren inaugurazioa goizeko 10:30ean izango da, eta han izango dira Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura foru diputatu eta Euskal Museoaren Patronatuko Batzordearen presidentea, Amaia Basterretxea Euskal Museoaren zuzendaria, eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarreko ordezkari gisa, Jose Mari Oiartzabal presidentea eta Jon Gaminde eta Jon Pertika.

Figurak eta segizioak, musika-erritmoak, dantzak, eta hori guztia inguratzen eta identifikarazten duten eszenografiak eta arropak ikusi ahal izango dira erakusketan ekainaren 23ra bitartean, Bilboko Euskal Museoko arduradunek jakinarazi dutenez.

Erakusketak atal nagusi bi ditu: "Herri dantza" eta "Erritu dantza", eta bakoitzean dantzei buruzko ikus-entzunezko muntaia bat ikusi ahal izango da. Lehenengo aretoan "Herri dantza" izango da protagonista. Herri dantza agerpen kolektibo eta ludikoa da, komunitate jakin baten ospakizunen edo jaien barruan egiten dena komunitate osoaren partaidetzarekin. Erromeria, Soka-dantza, Erregelak, Mahai gainekoak eta Txakolin-dantza dira herri dantzarik esanguratsuenak.

Bigarren aretoan, aldiz, "Erritu dantza" islatuko da. Egitura zehatzekoa da, bai berau dantzatzen dutenen eraketa itxiari dagokionez eta bai dantzaren urrats eta koreografien garapenari dagokienez ere, eta berezkoa duen musikaren akordeak jarraitzen ditu. Hauek dira dantzarik esanguratsuenak: Dantzari-dantza, Kaixarranka, Entradillak, Errebonbilloak, Danza de varas, Ezpata-dantza eta Saragi-dantza.

Era berean, Iñaki Irigoienek atal berezia izango du erakusketan, Bizkaiko dantzen munduari egin dion ekarpena dela eta. Bere lanei, inkestei eta artxiboetako ikerketei esker, dantza ugari berreskuratu edo birsortu ahal izan dira.

DANTZA SAIOAK

Gainera, apirila eta ekaina bitartean, hilabete bakoitzeko larunbat batean, Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak goizeko hiru emanaldi antolatuko ditu Bilboko Plaza Barrian, Bizkaiko zenbait dantza talderen eskutik. Taldeak Euskal Museotik irtengo dira, Unamuno plazatik.

Zehazki, apirilaren 20an, Durangaldeko dantzak aurkeztuko dituzte Abadiñoko Talde Batuek, Berrizko San Lorentzok, Berrizko Iremiñek, Garaiko Dantza Taldeak, Iurretako Mikel Deunak, Izurtzako Mendi Gainek eta Mañariko Dantza Taldeak.

Maiatzaren 11n Lea-Artibaiko dantzak izango dira protagonista, Lekeitioko Etorkizuna eta Markina-Xemeingo Zerutxu dantza taldeekin, eta azkenik, ekainaren 1ean, Bizkaiko beste zenbait dantza aurkeztuko dituzte Santurtziko Mendi Alde, Lanestosako Los Danzantes, Basurtuko Beti Jai Alai eta Durangoko Kriskitin dantza taldeek.

Bizkaiko dantzak protagonista Bilboko Euskal Museoaren hurrengo erakusketan

Foto: SANTIAGO YANIZ/EUSKAL MUSEOA

Dokumentuaren akzioak