Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bizkaia Zubiari omen herri antzerkiaren bidez

Dokumentuaren akzioak

Bizkaia Zubiari omen herri antzerkiaren bidez

Zubia pastorala Portugaleten

Koplak, musika, dantza eta kantak josiz, herri antzerkia egingo dute Portugaleten Ezkerraldeko herrian, abenduaren 16an, jazoera historikoak konta ditzan zubiari hitza emanez. 180 herritarrek hartuko dute parte Harribola elkarteak eragin duen egitasmoan.
Egilea
Miel Anjel Elustondo
Komunikabidea
Argia
Mota
Albistea
Data
2018/12/16
Lotura
Argia

Ipurterre kuadrilla da Harribola, edo Harribola elkartea osatzen dutenak. Luis Colina (Portugalete, 1960), eta Iñaki Alcedo (Bilbo, 1960) dira lekuko, eta elkartekide. Duela zortzi urte ekin zioten bideari, euren herri Portugaleteko hornigai merkatua kafe antzoki bihurtzeko asmoa buruan hartuta, aspaldi inork ezertarako erabiltzen ez zuen eraikina baitzen. “Lan ederra egin genuen, proiektu arkitektonikoa diseinatu, bideragarritasun plana egin... Eta udalari joan gintzaizkionean, ezer ez, bizikletak ferratzera bidali gintuzten”.

Argazkia: Aritz Loiola.

Argazkia: Aritz Loiola.

Asmoa ez gauzatuagatik, ordea, bizirik iraun zuen egindako lanaren suak. Ilintietatik, berriz, Harribola elkartea sortu zuten. Harrezkero, honetan eta hartan jardun du elkarteak, harik eta herri antzerkiaren ideia izan zuten arte.

Luis Colinak ikusi zuen argia, orain dela hiru urte. “Ibarrangelutik ekarri nuen ideia. Domingo Zulueta pastorala ikusi nuen han, bertako apaiz izandakoari buruzko benetako pastorala. Harribolako lagunekin hitz egin, eta zoratuta daudenez, ondo hartu zuten ideia”. Batzarrak egiten hasi zirenean, gaia zehazteari ekin zioten. Periko Solabarria, Ignazio Ellakuria... bazituzten aukerak. “Baina ez genekien haietaz behar besteko informazio lortzeko gauza izango ote ginen, edo nahiko erakargarri izango ote zitzaizkion jendeari”.  Azkenean, Portugaleteko Bizkaia Zubiak aurten 125 urte betetzen dituela jabetu ziren, eta huraxe ardatz hartzea erabaki zuten.

Pastorala baino herri antzerkia

Aitor Etxebarriarena (Lekeitio, 1959) da gidoia. Dioenez, gaia erabakiz gero, agudo antolatu zuen testua, berehala osatu zuen eskema. “Zubia eraikitzea, inauguratzea, gerra, gerra ostea, diktadura, eta gaur egun. Horrelaxe banatu nuen gidoia”. Ez da, hala eta ere, zubiaren historia, zubiak berak, pertsonifikatuta, kontatzen duena baino. Emakume bat ipini dute zubi esekiarena eginez, eta berak kontatuko du denboraren joanean bere begiez ikusia. “Elementu pila bat ibili nuen hasieran. Herrian bada aldizkari bat, El Mareometro izenekoa, eta han, berriz, hainbat kontu eta istorio zubia eraiki zutenetik gaur artekoak, pertsonaia historikoak eta bestelako gertakariak, eta honenbestez, nire hasierako eskema osatzeko erabili ditut elementu horiek. Herriko artxiboetara ere jo nuen, baita Tasio Munarrizengana ere, herriko historiaz hainbat dakienarengana”. Etxebarriak idatzitakoa osatu eta zuzendu zuten batzuek eta besteek, azken gidoia izan zuten arte.

Gidoia eszenaratzean ohartu ziren lehenengo ideia murriztu beharra zutela. Ordu eta erdi, bi ordukoa nahi zuten herri antzerkia, musika eta dantza osagai aringarri zituztela. Iñaki Aurrekoetxea (Bilbo, 1970), bertsolariak jarri du koplatan Aitor Etxebarriaren gidoia, eta jakinaren gainean lan egin du, Portugaleteko pastoral honek ezinbestean behar zuela ohi baino laburragoa. “Hemen ez dago aski oinarririk Zuberoako pastoral bat egiteko, ezta ikusteko ere. Hiru-lau orduko pastorala, edo antzerkia, gogoz ikustea ez da posible hemen”. Horrelaxe ulertu zuen Aurrekoetxeak eta horrelaxe egokitu zuen Etxebarriaren testua. 110en bat kopla idatzi ditu Aurrekoetxeak, eta halaxe kantatuko dituzte Portugaleteko euskara hiztunek, uste baino gehiago baitira herrian. “30 urtetik beherakoen artean, askok baino gehiagok daki euskaraz herrian. Eta horien gurasoen artean ere ez dira gutxi euskaraz dakitenak”. 50.000 biztanle dira Portugaleten, eta %20 da euskalduna. “Erabilera txikiagoa da, Euskal Herrian denean bezala. Hala ere, leku bertsuetan ibiltzen dira euskaldunak Portugaleten, erraz lokalizatzen dira”, diote.

Herriak egina

Pastoral bat herrikoia nahi zuten, herritarrek egina, ez inolako elkarte jakinen mendeko ekimena, euskara hutsezkoa... eta lanean hasi ziren. Pastorala egin ahal izateko, ordea, jendetza behar izaten da. Luis Colinaren arabera, 60 lagunek parte hartu zuten Ibarrangeluko pastoralean. Portugaleten, berriz, 200 ere bilduko dituzte: 20 emakume ari dira jantziak prestatzen, musikariak dira 40, kantariak 60, eta aktore eta figuranteak 120 inguru. “Bagenekien jendea beharko genuela, baina, adibidez, Gure Esku Dagoren kontsulta deialdiaren inguruan 200 lagun bildu ginen. Horrek adierazi zigun jendea gogotsu zebilela”. Iñaki Aurrekoetxeak ere badaki. “Dantza tradizio handia dago Portugaleten, abesbatzak ere badira... Pastorala egitekotan, indargune dira”. Eta, halaxe, herriko dantza taldeetako zuzendariekin hitz egin zuten, abesbatzetako buruekin, antzerki eskoletako gidariekin... “Eta, horretan, pastoral honen zuzendaritza artistikoa herriko hiru dantzarik hartu zuten, Iker Gilek, Eneritz Mantzisidorrek eta Mikel Urangak. Izugarrizko lana egin dute, eta dinamizazio ahalegin ikaragarria. Beraiek dira, musika bandako zuzendari Jabier Ituarterekin batera, ekitaldien diseinua eta obraren eskaleta osoa egin dutenak. Beraiek arduratu dira aktoreak bilatzen eta entsegu-lan guztiez ere”. Haiena, beraz, merezimendua, Aitor Etxebarriaren esanetan.

Ez dute, hala eta ere, azpiegiturarik sortu behar izan pastorala egin ahal izateko. Sortua zuten Harribola elkartea, lozorroan bazegoen ere, eta elkartearen izenean jardun dute. “Sasoi batean, euskararen aldeko talde bat ere sortu genuen, udala presionatzeko, Euskara Biziberritzeko Plana abiaraz zezan. Eta lortu genuen. Gaur egun, Aise elkartearekin ari da lanean Portugaleteko Udala, Euskara Biziberritzeko Plana inplementatzen”. Xedea lorturik, presio taldea desegin, eta beste eginkizun batzuei lotu zitzaizkien Harribolako kideak. Oraingoan, herri antzerkiaren txanda izan dute. Edo pastorala? “Hasieran, gure asmoa pastorala egitea izan zen, behar den modukoa. Afixan ere horrelaxe ipini dugu: Zubia pastorala. Portugaleteko herri antzerkia. Kostata iritsi ginen horretara”, esan du Luis Colinak... Iñaki Alcedo, berriz, Zuberoan izan zen uztailaren hondarrean, Belako zaldüna pastorala ikusten, eta ez du dudarik. “Hangoa ikusi nuen, eta zeharo konbentzituta etorri nintzen: gure antzerki hau ez da pastorala, baina pastoralaren osagai asko ditu”. Iñaki Aurrekoetxeak: “Errespetuz egin dugu gure pastoral hau. Azken finean, Zuberoako pastoralari egiten diogun omenaldia ere bada lan hau. Gurera ekarri dugu, geure elementuekin egin dugu”. Eta Aitor Etxebarriaren errematea: “Pier Paul Berzaitzekin hitz eginda nago, eta hark zorroztasuna eskatzen du herri antzerkia pastoral izendatu baino lehen. Etxahun Iruriren garaitik hona ahaleginak egin dira pastorala oraingo garaira egokitzeko, baina zuberotarrak beldur dira Zuberoatik kanpo egiten diren egokitzapenetan pastoralaren muina gorde izan ote den”. Inondik ere, asmatu dute Portugaleten: beren lanari Zubia pastorala izena emanik ere, “herri antzerki” izena erantsi diote...

Argazkia: Aritz Loiola.
Argazkia: Aritz Loiola.
Argazkia: Aritz Loiola.

Dokumentuaren akzioak