Dokumentuaren akzioak
Bizkaia dantzari
Areto nagusi bitan banatuta aurkituko duzu erakusketa, bata dantza erritualei eskainia, bestea herri dantzei. Ordena aldatzeak kalte handirik ekarriko ez badizu ere, lehenbizi herri dantzaren aretoa bisitatzeko gomendioa egiten du museoak. Erromeria, erregelak, soka-dantza... Komunitate osoaren parte-hartzearekin egiten diren dantzez zerbait ikasteko parada eskainiko dizute azalpen-testu ez arinegi ez sakonegiek. Eta irakurtzeko lanik hartu nahi ez baduzu, begientzat bazka ederra eskainiko dizute argazki eta bideoek. Herritar xeheak dantzari ikusiko dituzu horietan, oholtzan aritzen diren talde handien dohainetatik urruti samar batzuetan. Bata bestea bezain tradizioaren osagarri.
Aipamen berezia merezi lukete, herri dantzen multzoan, otorduen amaieretako dantzak: Lea-Artibaiko Mahai-gainekoa –izena bada aztarna nahikoa– eta Txakolin, lurrean gurutze bat osatuz ipinitako makila biren inguruan egiten den trebezia erakustaldia. Bai, igarri duzu: Eskozia eta Irlandako ezpata-dantzen oso antzekoa da. Azpimarratzekoa, bestalde, aurreskua herri dantzen multzoan kokatu dutela erakusketaren sustatzaileek.
Lehenengo aretoaren modu berean dago antolatuta bigarrena, dantza erritualen gainekoa. Egitura hertsiko dantzak daude hemen, alegia, parte hartzaile zein koreografia aldetik zehaztuta daudenak, eta sano ezagunak denak: Elorrioko Errebonbilloak, Durangaldeko Dantzari dantza, Xemeingo Ezpata dantza –Argiaren 2.045. zenbakiaren azalean ageri den argazki ospetsua eta guzti–, Kaxarranka, Lanestosako Danza de Varas...
Erritu-dantzen aretoak badu bereizitako gela txiki bat, Iñaki Irigoien ikertzaileari eskainia. Izan ere, haren lan eskergari zor zaio erakusketan ikus daitezkeen dantzetako batzuk berreskuratu izana. Horrekin konforme ez, Euskal Museoak eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak omenaldia eskaini zioten joan den apirilaren 13an, museoan bertan. Eta ez da hori izango erakusketarekin batera egingo den ekitaldi bakarra. Apirilaren 20an Durangaldeko dantzen erakustaldia izan zen museo aurreko Unamuno plazan; maiatzaren 11n eta ekainaren 1ean, eguerdiko ordu batean hasita, Lea-Artibairen eta Bizkaiko gainerako eskualdeen txanda izango da, hurrenez hurren.
Dokumentuaren akzioak