Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Bizitzeko garaia iritsi zaigu: etapa berri bat hasiko da»

Dokumentuaren akzioak

«Bizitzeko garaia iritsi zaigu: etapa berri bat hasiko da»

'Hegalak. Piano eta dantzarako euskal notak' ikuskizunarekin agertokiak utziko ditu Iker Murillo dantzariak. Gaur abiatuko du agur bira, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.
Egilea
Olatz Enzuza Mallona
Komunikabidea
Berria
Mota
Elkarrizketa
Data
2023/01/21
Lotura
Berria

IKER MURILLO

 

Azken hegaldia abiatuko du gaur Iker Murillo dantzariak (Pasaia, Gipuzkoa, 1978). Agertokiak uztea erabaki du, eta, ibilbidea borobiltzeko, Hegalak. Piano eta dantzarako euskal notak ikuskizuna estreinatuko du gaur, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, 19:30ean. Asebeteta dago egindako ibilbidearekin, eta, aurrerantzean ere, ofizioari estu lotuta jarraitzeko asmoa du: Studio 24 dantza akademian arituko da, Vitali Safronkine dantzari eta koreografoarekin batera.

Hegalak. Piano eta dantzarako euskal notak ikuskizunarekin esango diezu agur oholtzei behin betiko. Nola zaude?

Ondo. Iruditzen zait pribilegiatu bat naizela. Azken finean, nik neuk egin dut hautua, eta nik neuk erabaki dut nire ibilbidea noiz, non eta norekin bukatu nahi dudan, nik nahi izan dudanean. Baditut lankideak lesioren batengatik edo beste arazoren batengatik utzi behar izan dutenak; beraz, alde horretatik, zortedun sentitzen naiz.

Zer erakutsiko duzue taula gainean?

Gure bizipenetatik abiatu gara narrazioa sortzeko. Atzerrian geundenean askotariko sentimenduak izaten genituen, eta horiek islatu nahi izan ditugu ikuskizunaren bitartez: tristura, harrotasuna, pasioa eta alaitasuna. Mugimenduen bidez azalduko ditugu sentimendu horiek, eta Aizpea Goenagak jarriko du zuzeneko ahotsa.

Nola dantzatzen dira halako ideia handiak?

Emozio askorekin [barreak]. Egia esan, ez da lan erraza izan. Prozesu gogorra izan da, eta azken proiektua dela jakinda, are gehiago; baina, aldi berean, hunkigarria ere izan da.

«Esperientzia sentsorial osoa» izango dela aurreratu duzue. Zer esan nahi duzue horrekin?

Guk bizi izan ditugun emozio horiek guztiak partekatu nahi ditugula publikoarekin. Sentimendu horiek transmititu nahi ditugu, eta ikus-entzuleak gurekin daudela nabaritu nahi dugu. Familiaren eta lagunen berotasuna sentitu nahi ditugu. Oso emanaldi bereziak izango dira, eta etxean bezala sentitu nahi dugu.

Euskal Herriko hainbat egileren hamabi kantuk osatuko dute ikuskizuna. Zeren arabera aukeratu dituzue?

Hasieratik argi izan genuen konpositoreek euskaldunak izan behar zutela. Bilaketa lan bat egin genuen, eta guretzako egokienak izan ahal zirenak aukeratu genituen.

Ez zara bakarrik igoko oholtza gainera: Josu Okiñena piano jotzailea eta Vitali Safronkine dantzari eta koreografoa ere egongo dira hor. Nola sortu da elkarlanean aritzeko aukera?

Betidanik izan dugu gogoa elkarlanean zerbait egiteko, baina zaila izan da hiruron agendak bateragarri egitea. Apiril inguruan hasi ginen pieza lantzen; luzea izan da, lan asko egin dugu, baina merezi izan du, zalantzarik gabe.

Safronkinek ere zurekin batera esango die agur eszenatokiei. Hitz egindako zerbait izan da biok une berean oholtzak uztearena?

 

 

Bai. Biok argi izan genuen erabakia. Dantzariok oso ondo ezagutzen dugu gure gorputza, eta momentu egokia zela iruditu zitzaigun. Horrez gainera, elkarlanean ari gara Studio24 akademian, eta astelehenetik ostiralera lan asko izaten dugu. Denbora asko hartzen digu; beraz, asteburuak baino ez zaizkigu geratzen entseguak egiteko. Bizitzeko garaia iritsi zaigu. Etapa berri bat hasiko da. Urte asko igaro ditugu atzerrian, eta momentu asko galdu ditugu familiarekin, lagunekin... Bada garaia une horietaz gozatzen hasteko.

Gonbidatu berezi bat ere izango da: Ainhoa Arteta.

Lagun ona izateaz gainera, artista zoragarria da Ainhoa. Argi neukan azken bira hau lagunekin batera egin nahi nuela, eta berak baiezkoa eman zidan birritan pentsatu gabe.

Orokorrean, zer-nolako prozesua izan da?

Dena lagunartean egin dugunez, sekulako kimika ona izan dugu elkarren artean. Poliki-poliki joan gara erabakiak hartzen, eta erraza izan da. Hala ere, sentimendu zurrunbilo baten egotearen sentsazioa ere izan dut, kontziente nintzelako azken emanaldia prestatzen ari ginela.

25 urtez aritu zara dantzari profesional gisa. Zer izan da dantza zuretzat?

Nire bizimodua: dantzari jaio naiz, eta dantzari hilko naiz. Eszenatokiak utzi arren, argi daukat beti egongo naizela dantzari lotuta. Ikasleekin lan eta lan ari gara, eta bertan denbora luzez jarraitzeko asmoa dut.

Noiz erabaki zenuen dantzari profesionala izan nahi zenuela?

Txikitan. Amari esker eman nuen izena dantza akademian, eta, ordutik, oso argi izan dut.

Asebeteta zaude egindako ibilbidearekin?

Oso. Gaztetan hartu nuen atzerrira joateko erabakia; eta, orduan, ez duzu askorik pentsatzen. Momentu asko gogorrak izan dira, bakarrik sentitzen zara, eta etxekoak urrun daude. Baina, egia esan, oso pozik nago egindako ibilbidearekin, eta, era berean, oso eskertuta familiako kideak, lagunak eta Vitali bera alboan izateaz. Oso harro nago lortu dudan guztiarekin.

Zuretzat, atzerrira joatea beharrezkoa izan da dantzari gisa bidea egiteko?

Bai, zalantzarik gabe. Garai batekoarekin alderatuz gero, gure ikasleek zorte handia dute alde horretatik. Ez dute horren goiz etxetik alde egin behar. Dantza akademian, esaterako, ikasi dugun guztia haiei transmititzen ahalegintzen gara, eta oso pozik gaude jasotzen ari garen erantzunarekin.

Eta, gaur egun, posible da dantzari gisa bizitzea?

Bai, baina Euskal Herrian, zoritxarrez, ez. Gure kasuan, bidali ditugu ikasle batzuk atzerrira, baina laguntza eskaintzen diegu: jarraipena egiten diegu, horren bakarrik senti ez daitezen. Noizean behin haiekin hitz egiten dugu, eta gustura dauden ala ez kontatzen digute. Ikasleak dira guretzat garrantzitsuena
.

Dokumentuaren akzioak