2006an, Gloria Peónek (Gijon, Asturias, Espainia, 1975), La Glo izenez ezaguna, La Glo Dantza Zirkoa sortu zuen Bilbon, Euskadiko lehen dantza bertikaleko konpainia. Zirkuaren mundutik zetorren, hamar urteko ibilbidea egina zuen ordurako, eta hormetan mugitzeko beste modu bat aurkitu zuen: dinamikoagoa, koreografikoagoa eta aukera berrietara irekiagoa. Hogei urte geroago, hasierako apustu hura proiektu sendo bihurtu da, sorkuntza, prestakuntza eta pedagogia uztartuz. Entrenamendu eta prestakuntzarako Dantzaka espazioaren bidez, Peónek belaunaldi berriak hezten eta oraindik gutxi ezagutzen den diziplina honen ezagutza tekniko eta artistikoa transmititzen jarraitzen du. Irailaren 17tik 20ra, Bilboko IV. Dantza Bertikalaren Topaketak hainbat tokitatik etorritako profesionalak bildu ditu. Esperientziak partekatu, ikertu eta diziplina honen oraina eta etorkizunaz eztabaidatu dute.

Dantza Bertikalaren IV. Topaketa profesional eta artista ezberdinentzako elkargune bihurtu zen joan den asteburuan. Zer esanahi du zuretzat proiektuak honaino iritsi izanak?

Asko esan nahi du. Topaketa nazioartean erreferente bihurtzen ari da, eta jende askok dan-tza bertikalaren komunitatearen barruan elkargune gisa aipatzen du. Topaketak antolatzeko ideia aspalditik nerabilen buruan, harik eta Bilboko Udalaren babesa lortu nuen arte. Horrek abian jartzen lagundu zidan. Lehen bi urteetan %100 diruz lagundu zuen Udalak, baina gaur egun laguntza txikiagoa da. Udalak antolaketa logistikoan laguntzen jarraitzen du, baina dena pixka bat prekarioagoa da. Hala ere, aurrera egitea lortzen dugu, laguntza txikiei esker. Nire nahia da topaketa pixkanaka handitzen joatea.

Aurtengo edizioak nazioarteko izaera nabarmena izan du. Zer dakar Bilbon esperientzia eta begirada horiek elkartzeak?

Sekulako bultzada ematen du. Euskadin dan-tza bertikalak presentzia handia du eta, une honetan, espainiar estatu mailan proposamen gehien dituen erkidegoetako bat gara. Nazioarteko artistak etortzea, beraien aldetik iritzi positiboak jasotzea, eta itzultzeko gogoa izatea, oso polita da. Gainera, diziplina hau publiko zabalago bati ezagutarazten laguntzen ari gara. Duela urte batzuk ia inork ez zekien zer zen dantza bertikala.

Diziplina ezezaguna da oraindik publiko zabalarentzat. Nola azalduko zenioke inoiz ikusi ez duen norbaiti zer den dantza bertikala?

Alde handiena da hormetan egiten dugula dantza. Horregatik, arnesa eta soka gure parte dira, segurtasun osoz lan egiteko aukera ematen digute. Ezagutzen ez duenak, batez ere, perspektiba aldaketa erabatekoa aurkitzen du: lurreko ikuspegia plano bertikalera eramaten dugu. Inork pentsatuko ez lukeen lekuetan norbait antzezten, dantzatzen edo akrobaziak egiten ikusiko dute. Eskaladarekin ere lotura handia du, eta, aldi berean, askatasun handia transmititzen du. Lehen aldiz dantza bertikaleko emanaldi bat ikusten duen jendeak hegan egiteko sentsazioa izaten du, txorien modura, eta probatzeko gogo handia ere bai. Diziplina lasaia dirudi, baina egia esan oso gogorra da.

"Lehen aldiz dantza bertikaleko emanaldi bat ikusten duen jendeak hegan egiteko sentsazioa izaten du, txorien modura”

Gloria Peón ‘La Glo’ - Dantzaria

Zirkuaren mundutik iritsi zinen dantza bertikalera. Zer aurkitu zenuen bertan, ordura arte ez zenuena?

Mugimendu eta koreografia gehiago eman zizkidan. Dinamismoa. Dantza bertikalak horman bertan korrika eta salto egiteko aukera ematen du. Zirkuan ere badago aukera hori, baina nik lantzen nuen diziplinan dena estatikoagoa zen, eta hori falta zitzaidan.

Grabitateak eta altuerak osatzen dute zuen lengoaia. Nola aldatzen da sortzeko eta mugitzeko modua lurrak erreferentzia-puntua izateari uzten dionean?

Aukera izugarriak eskaintzen ditu, besteak beste, tridimentsionaltasuna. Baina egia da hasieran lurrean egiten diren gauza asko aplikatu nahi izaten direla, eta berehala konturatzen zarela ezin dela. Dantza bertikalak berezko hizkuntza du, eta denbora behar da hori ezagutzeko. Nire kasuan, zirkuaren eta aireko ariketen mundutik nentorrenez, ohituta nengoen buruz behera, zintzilik... egoten. Baina, dantzatik datorrenak denbora gehiago behar du, adibidez, buruz behera sortzeko modua aurkitzeko. Behin hori lortuta, aukera sorta ikaragarria zabaltzen da, nahiz eta mugak ere badaudela kontuan izan behar den.

Esperimentazioa izan da joan den asteburuko topaketa definitzeko erabili duzuen hitzetako bat. Zein bide berri ari dira jorratzen gaur egun?

Aukera amaigabeak daude. Orain, dantza bertikalean aritzen den belaunaldi berri bat daukagu, eta diziplinak izan dezakeen monotoniatik pixka bat atera nahian ari da: esploratzen, ikertzen eta gauza berriak probatzen. Batez ere eraikinetan eta hiri-espazioan ari gara esploratzen. Kiroldegiek gehiago muga-tzen gaituzte, baina leiho, balkoi edo gainazal ezberdinak dituen eraikin batean esplorazio izugarria dago egiteke, asko gustatzen zait ikertzea. Alde horretatik, ikerketa arkitektonikoa oso interesgarria da.

Bilbon antolatu dituzte Dantza Bertikalaren IV. Topaketak eta iaz Leioako Umore azokan ere aritu ziren dantzan.

Bilbon antolatu dituzte Dantza Bertikalaren IV. Topaketak eta iaz Leioako Umore azokan ere aritu ziren dantzan. NATALIA GARCIA - LA GLO ZIRKO DANTZA KONPAINIA

Kanpotik begiratuta, arriskuak eta zailtasun teknikoak pisu handia dutela dirudi. Nola lor-tzen duzue ikusleak, batez ere, proposamen artistikoa ikustea?

Diziplina honetan garrantzitsuena segurtasuna da. Kontratatzen gaituztenek zein publikoak ulertu behar dute inor ez dela horrelakoetara gauza zoroak egitera joaten. Zentzudunak gara, diziplina ezagutzen dugu eta badakigu zertan ari garen. Gutako asko eskaladatik gatoz, segurtasun-protokoloak ezagu-tzen ditugu eta badakigu zertan ari garen. Eta esperientzia hori ez dutenak prestatzen ditugu. Halaber, dantza bertikaleko proposamenen atzean muntaketa-talde profesionalak eta segurtasun-protokoloak daude. Egia da ba-tzuetan ez garela industria-arau guztietara egokitzen, baina hor dago alderdi artistikoa ere. Bestela, dena oso mekanikoa eta industriala bihurtuko litzateke. Bestalde, muntaketako teknikariekin batera lan egiten dugu. Ez gara dantzan bakarrik aritzen: muntaketak ahalik eta modu seguruenean egiteko iker-tzen ere ari gara etengabe. Joan den asteburuko topaketak, hain zuzen, horretarako ere balio izan dute: eztabaida hori zabaltzen jarraitzeko eta beste herrialde batzuetako jendearekin esperientziak partekatzeko.

2006an La Glo Dantza Zirko konpainia sortu zenuen, Euskadiko lehen dantza bertikaleko konpainia. Zerk bultzatu zintuen orduan hemen ia existitzen ez zen zerbaiten alde egitera?

Ordurako hamar urteko ibilbidea nuen eta une egokian nengoela sentitzen nuen, diziplina berri horretara salto egiteko. Bestalde, probatu nahi zuten ikasleen eta hala eskatzen zidaten programatzaileen eskaera ere bazegoen. Sinergia bat sortu zen. Eta, behin sartuta, buru-belarri sartu nintzen.

“Une honetan, Euskadi da dantza bertikal gehien egiten den tokietako bat, espainiar estatu mailan prestakuntza eta ikuskizun gehien eskaintzen dituena”

Gloria Peón ‘La Glo’ - Dantzaria

Hogei urte igaro dira. Nola aldatu da diziplina bi hamarkada hauetan?

Aldaketa onerako izan da. Konpainian talde nahiko sendoa dugu eta izugarri eboluzionatu dugu, bai nik, zuzendari eta sortzaile gisa, bai dantzariek ere. Hasi nintzenean, hemen ez zegoen diziplina hau hain ondo ezagutzen zuen profesionalik. Muntatzaileek eta segurtasunaz arduratzen direnek nirekin ikasi dute, eta elkarrekin egin dugu aurrera. Dantzariek ere asko ikasi dute muntaketari eta segurtasunari dagokienez.

Esan izan duzu dantza bertikalak harrobia behar zuela. Euskadin harrobi hori sortzen ari da?

Bai. Ni aitzindaria izan nintzen, lehen konpainia sortu nuen, eta orain beste bi ere sortu dira. Gainera, gure konpainiaren bidez dan-tza bertikaleko prestakuntza profesionala eskaintzen dugu, eta urtero ateratzen da hortik dantza bertikalarekin jarraitzeko oso motibatuta dagoen jendea. Beti behar da gehiago, baina uste dut oso ondo goazela. Une honetan, Euskadi da dantza bertikal gehien egiten den tokietako bat, espainiar estatu mailan prestakuntza eta ikuskizun gehien eskaintzen dituena. Egun hemen hazi eta mantendu ahal izan bagara, laguntza instituzionalagatik ere izan da. Bilboko Udalaren laguntza izan dugu topaketarekin, eta gure proposamenetan sinetsi duten programatzaileak ere bai. Hori gabe ez ginatekeen hainbeste haziko.

Hogei urteko ibilbidearen eta lau topaketen ondoren, zer da oraindik horma batean dantzatzeak liluratzen zaituena?

Horma bakoitzak duen freskotasuna. Esploratzen dugun toki bakoitza berria da. Inoiz ez dugu eszenatoki bera, beti aldatzen da. Horregatik, dantza bertikalak ematen didan freskotasunak ez nau hain estatiko sentiarazten. An-tzeztera goazen bakoitzean ia proiektu berri bat da. Bizirik mantentzen nau dantza bertikalak.

Zer geratzen zaizu esploratzeko? Nora eraman nahiko zenuke dantza bertikala Euskadin datozen urteetan?

Bilbon eraikin edo espazio egonkor bat izatea gustatuko litzaidake. Orain frontoian entrenatzen dugu, eta polita da, baina egia da espazio egonkor baten beharra dugula. Ez baita gauza bera barruan edo kanpoan sortzea. Ez da saiatu ez naizelako, baina oraindik ez dut lortu. Aurten, esaterako, zuhaitzak esplora-tzen hasi gara eta zoragarria izan da. Datozen urteetan zuhaitzekin ikuskizun bat taulara-tzea gustatuko litzaidake. Topaketei dagokionez, hasieran planteatu genuenean, noizbait hirigunera eramateko aukera ere: auzotik atera eta etortzen diren Europako parte-hartzaileekin ikuskizunak egitea Bilboko eraikin enblematikoetan, jendearekin elkarreragitea eta gero eta espazio gehiago zabaltzea.