Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bizi-bizi dator arte eszenikoen gurpila zentzumen guztiak pizteko

Dokumentuaren akzioak

Bizi-bizi dator arte eszenikoen gurpila zentzumen guztiak pizteko

Egilea
Maider Iantzi
Komunikabidea
Gara
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2011/12/11
Lotura
Gara

Doctor Deseo, Kepa Junkera, Rosendo, Pablo Milanes eta Tindersticks nabarmentzen dira datozen hiru hilabeteetarako Donostia Kulturak prestatu duen musika eskaintzan. «Al amanecer... seguir soñando» (Egunsentia ailegatzen denean... segi amesten) du izenburua talde bilbotarraren lan berriak, hemeretzigarrenak. Iragarri dutenez, lagunarteko formatu magiko eta berritzaile batekin etorriko dira Victoria Eugeniara martxoaren 24an, bertze behin ere moldeak puskatzeko asmoz.

Kepa Junkerak, aldiz, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin bat eginen du KlasikAT izeneko ekimenean. Martxoaren 22an izanen den emanaldian, orkestrak ibilbide sinfoniko bat eginen du trikitilariaren erritmorik ezagunenetako batzuk joz eta hala, bere musika normalean iristen ez den publikoarengana ere zabaltzen saiatuko da.

Nerea Txapartegi Euskara eta Kultura ordezkariak atzoko aurkezpenean nabarmendu zuenez, egitarau «anitza, oparoa eta erakargarria» osatzen ahalegindu dira, anitza formatu, tankera nahiz kontzeptuetan. Kontuan izan dituzten irizpide nagusiak, berriz, kalitatea eta euskara zaintzea eta gure hizkuntzari lekua egitea izan direla erran zuen.

Egitaraua kaleidoskopio bat bezalakoa da: barnera begiratuz, mila irudi eta ispilu ikusten dira. Dantzan, errate baterako, La Veronal konpainiaren «Rusia» obrarekin gozatzen ahalko da otsailaren 18an. Kontatzen dutenez, Baikal aintzira, Siberiaren hegoaldean, planeta osoan den lakurik sakonena da. Hainbertze ur du, lurrazal gainera isuriko bagenu, mundu osoa hogei zentimetroko ur-geruza batez estalita geldituko litzatekeela. Handik urrun, lau mila kilometrora dagoen Tula hirian, Europa aldeko Errusiaren erdialdean, bikote bat -Andrei eta Nina- inoizko bidaiarik luzeena egitekotan dira: Tulatik helmugatzat aukeratu duten lekuraino, Baikal aintziraraino. Baina denbora eta espazio berean, «Rusia»k bi istorio kontatzen ditu. Ikusleak hautatuko du, unean-unean, zeini arreta jarri.

Genevako Antzoki Nagusiko Balletak «Sed Lux Permanent» aurkeztuko du (martxoaren 30ean) eta Dantzaz konpainiak koreografo gisa aritzeko aukera emanen die dantzari eta gonbidatutako artista gipuzkoarrei (otsailaren 16an).

Fantasiaren itsasoan arrantzan

Donka erraten zaio errusieraz arrantza egiteko kanaberan jartzen den kanpaitxoari, arrainen bat amuari tiraka hastean jo dezan. Txekhov hagitz arrantzazalea omen zen, zeregin horretan aritzen baitzen gustura gogoetan, eta Teatro Sunilek Donostiara ekarriko duen bere omenezko antzezlanak ere «Donka» izena du. Cirque du Soleilen sortzailearen, Daniele Finzi Pascalen, azkeneko ikuskizuna da.

Morfeo Teatro arlo klasikoan aditua den taldea ere etorriko da eta txikientzat, «Kafka eta panpina bidaiaria» antzeztuko du Tanttakak eta «Ezetz hegan egin» Paraisok. Tartean, dFeria eta Donostia Antzerki Saria izanen dira antzerkia sustatzeko.

Baluartek «Sonrisas y lágrimas»ekin hasiko du denboraldia

Donostia Kulturak bezala, Iruñeko Baluartek ere salgai jarri ditu jada sarrerak otsailetik maiatzera bitartean emanen dituzten ikuskizunez disfrutatzeko. Otsailaren 9an ekingo diote denboraldiari, «Sonrisas y lágrimas» Rodgersen eta Hammersteinen musikal ezagunarekin. Geroago, 19an, Vincenzo Bellini konpositore italiarraren opera bat, «Norma», ikusten ahalko da, kontzerturako bertsioan Europa Galante orkestra ospetsuarekin. Martxoan Frantziako Orkestra Nazionalak joko du, apirilean Krystian Zimerman pianistak eta maiatzean, Bartzelonako Lizeoko Antzoki Nagusiaren ekoizpen bat eskainiko dute, Mozarten «Txirula magikoa» opera. Els Comediants-eko Joan Fontek parte hartuko du azkeneko honetan.

Bilbon ere aberatsa da arte eszenikoen eskaintza. Arriaga antzokian, adibidez, antzokiak berak ekoitzitako P. I. Txaikovskiren «Intxaur-hauskailua» dantza emanaldia izanen da gozagarri urtarrileko hainbat egunetan (4, 5, 6, 7 eta 8an). Igor Yebra, Oxana Kucheruk eta Bordeleko Operako Balleteko izarrak arituko dira bertan elkarrekin. AEBetan soilik bi milioi lagunek baino gehiagok ikusten dute «Intxaur-hauskailua» Gabonetan, 1940an Montecarloko Ballet Errusiarrak bertsio laburtua aurkeztu zuenetik klasiko hori erritu bihurtu baita data hauetan. Urtarrilaren 21ean Loquillok «Su nombre era el de todas las mujeres» lan berrieneko kantak joko ditu, ibilbidea hasi zuenetik 30 urtera. GARA

p040_f01.jpg

Dokumentuaren akzioak