Ander Errasti dantzari oriotarraren Aukeran konpainiak harrituta utzi zituen martxoaren 16an Bilboko Arriaga antzokian bildu ziren ikusleak. Biz Hitza, Euskara batuaren historia dantzatua ikuskizuna estreinatu zuten bertan, eta Errastiren hitzetan, "orain arte egin dugunarekin alderatuta, erabat desberdina da". Izan ere, ikuskizunak munduko hizkuntza ororen historia unibertsala du abiapuntu, baina euskara batuaren istorio partikularra kontatzen du dantzaren bidez. "Eztanda baten ondorioz soinuak sortu ziren, soinuak hitzak bihurtu ziren, eta horrela pixkanaka garatzen joan zen euskara, euskara batua sortu arte". Xabi Paya kulturgileak idatzi du gidoia eta Aukeran konpainiak sortu du koreografia.
Errastik azaldu duenez, hasieratik "ikuskizun desberdina" egitea zen asmoa. "Euskararen sorrera eta bilakaera mugimendua eta dantza uztartuz irudikatzea erronka izan da guretzat. Ikuskizunak hasiera guztiz berritzailea du, eta saioan aurrera egin ahala Aukeran konpainiaren estilo propioa antzeman daiteke".
Horrez gain, musika ere zuzenekoa da. "Azken urtetan egin izan ditugu kolaborazio batzuk zuzeneko musikarekin, baina inoiz modu honetan, Biz Hitza-n bat-batekotasunak garrantzi handia baitu». Izan ere, Aitor Etxebarria piano-jotzaile eta DJak, DJ El_Txef_A bezala ezaguna denak, sortu du ikuskizuneko soinu banda. «Oinarrizko musika sortu du, eta hori abiapuntu hartuta zuzeneakoan inprobisatu egiten du. Orain arte melodiari jarraituz dantzatu izan dugu beti, baina Biz Hitza ikuskizunean erreferentziak guztiz desberdinak dira. Egitura bat jarraitzen badu ere, Etxebarriak ez baitu beti berdina jotzen, eta guk ez dugu ikuskizunero berdin dantzatzen». Bestalde, musika eta koreografia janzten duten argi efektuak eta narrazioa ere biltzen ditu ikuskizunak.
Euskalkiak
Koreografiaren sorkuntza prozesua konplexua izan dela aitortu du Errastik. "Hasierako zatiaren sortzailea Nacho Montero dantzari bilbotarra izan da, eta gainontzekoa taldeko koreografo Edu Muruamendiarazek sortu du. Horrez gain, euskalki bakoitza tokian tokiko dantza tradizionalarekin irudikatu nahi izan dugu, eta dantzariok gure ekarpenak egin ditugu». Horretarako, dantza tradizionala ondo ezagutzen duten Johañe Etxebest eta Gari Otamendi izan dituzte laguntzaile Aukeran konpainiako kideek.