Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Biolentziaren intimotasuna

Dokumentuaren akzioak

Biolentziaren intimotasuna

Ortzadar taldeak '...librea ninçana' dantza ikuskizuna estreinatuko du bihar, Iruñeko Gaiarre antzokian

Nafarroaren konkistaren V. mendeurrenaren harira, hamaika ekitaldi eta oroimen ariketa egiten ari dira azkenaldian, ikuspegi historiko eta politikotik landuak gehienak. «Beste ikuspegi bat» emateko asmoz sortu du ...librea ninçana ikuskizuna Ortzadar Iruñeko Euskal Folklore Elkarteak. «Ikuspegi emozionalago bat, konkistaren pasarte handiak eskaini beharrean, biolentziaren eguneroko bizipenak oinarri hartuta, istorio handi hori gauza txikietatik kontatzen saiatzea. Biolentziaren intimotasuna landu nahi genuen, nola bizi izaten den biolentzia hori etxe barruan». Aitor Subiza (Iruñea, 1982) Ortzadarreko kidearen hitzek azaltzen dute ikuskizunaren asmo nagusia. Hark zuzendu du ordubete inguru irauten duen dantza emanaldia. Bihar estreinatuko dute, Iruñeko Gaiarre antzokian. Irailetik aurrera leku gehiagotan ere emango dute.
Egilea
Gorka Erostarbe
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2012/06/29
Lotura
Berria

Bost ekitalditan banaturiko ikuskizuna da, eta oinarrian 1512ko gertakizunak egon arren, atenporaltasuna du ezaugarri nagusietako bat. Ikuskizunak ez du izango XVI. mendeko eszenaratze eta sinbologia berezirik. «Biolentziaren atenporaltasuna azpimarratzea nahi genuen. Uste dugu ez dela oso desberdina 1512ko biolentzia edo 1936koa, adibidez. Biolentzia horrek iraun egiten du. Nahiz eta formak desberdinak izan, biolentziaren bizipena ez da oso desberdina mendeetan aurrera eginagatik ere. Horrekin jolastu nahi izan dugu bai dantzari dagokionez, bai soinukerari dagokionez ere, janzkera eta eszenaratzeari dagokionez...». Ez da XVI. mendeko historia kontatzen, «baizik eta orduko biolentzia oinarri hartuta, herri honek bizi izan duen indarkeria bere osotasunean kontatzen da, baina bere txikitik».

Denboraren markak «urtuta»

Euskal dantza tradizionalek berez ez dute istoriorik kontatzen. Hor izan dute erronka handiena Ortzadar taldekoek. «Oinarri folkloriko hori jantzi behar genuen istorio txiki bat kontatzeko. Testuinguru teatralago batean sartu dugu istorioa. Musikaren eta testu poetiko batzuen laguntzaz jantzi dugu kontua. XVI. mendeko dantza eta musika tratatu asko jorratu ditugu, eguneratzeko eta gaurko moldeetara ekartzeko. Denboraren marka ezabatu edo urtu dugu». Ikusleak ezingo du bereizi egun egiten den dantza tradizionala den edo XVI. mendeko pausoak diren. «Loturak oso nabariak dira. Hori erakutsi nahi izan dugu. Lotura handia dagoela garai hartan herriak dantzatzen zuenaren eta gaur egun dantzatzen denaren artean».

Istorio txikiei garrantzia emateko, txikitasuna eta intimotasuna nabarmentzeko, «ezinbestekoa ez den guztia» kendu egin dute dantza taldekoek. «Ez dugu eszenaratze erraldoirik nahi. Ez dugu XVI. mendearen imitaziorik nahi. Dantzaren oinarri-oinarrira joan gara, izpiritura». Ikuskizunaren izenburua XVI. mendeko poema baten zatitik hartu dute. «Poemaren egilea ez da ezagutzen, baina askatasunaz dihardu, eta guk nahi dugunerako balio duela iruditu zitzaigun», dio Subizak.

Denera, 50 lagun inguru izango dira oholtzaren gainean. Horietako 35 bat dantzariak izango dira, eta gainerakoak, musikariak.

Ortzadar taldeko kideak, ...librea ninçana entseatzen. / ORTZADAR

Dokumentuaren akzioak