Dokumentuaren akzioak
Bilboko Kalealdiak antzerki eta artez jantziko ditu kaleak uztailaren 1etik 5era
Uztailaren 1ean abiatuko da aurtengo edizioa, O Ultimo Momento konpainia frantziarraren eskutik. Lehen bi egunetan, ikuskizunak Zabalgunean eta Zazpi Kaleetan izango dira, adin guztietako publikoari zuzenduak. Hurrengo hiru egunetan, emanaldiak leku gehiagotan ikusi ahal izango dira, besteak beste, Arriaga plazan, Areatzan eta Plaza Berrian.
Jaialdiaren baitan hainbat estreinaldi izango dira. “Hortzmuga” antzerki talde bilbotarrak “Nola” ikuskizuna lehenaldiz taularatuko du ostiralean, eta beste lau lan ere lehendabiziko aldiz eskainiko dira Euskal Herrian.
Saio guztiak doakoak izango dira, bi izan ezik. Sacekripa konpainia frantziarraren eta Manolo Alcantara artista kataluniarraren emanaldietarako karpa txiki bat ezarriko da Areatzan eta 2 euroko “prezio sinbolikoa” ordaindu beharko da.
Nazioarteko zein bertako konpainiak
Nazioarteko zein bertako konpainien eskutik helduko dira ikuskizunak Bilbora. Frantzia, Italia, Herbehereak, Espainia eta Japoniatik etorritako 23 talde eta artistek hartuko dute parte. Haiekin batera, arte eszenikoak lantzen dituzten zortzi euskal konpainia izango dira.
Programazioari buruzko informazio gehiago ondorengo webgunean lor daiteke: www.bilbokalealdia.com
%43ko igoera aurrekontuan
Jaialdia antolatzeko 194.000 euroko aurrekontua izan du aurten Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, iaz baino %43 gehiago. Programaren kalitatean eragina izango duela adierazi dute antolatzaileek, eta igoerarekin Udalak kaleko antzerki eta arteen alde egindako apustua berretsi nahi izan duela.
Dokumentuaren akzioak