Errekalden kokatutako El Fango kiroldegia Dantza Bertikalaren I. Topaketaren egoitza bihurtuko da irailean. Hilaren 19tik 21era bitartera, La Glo Zirko eta Dantza konpainiak antolatutako ekimen hau ospatuko da Bilbon. Jarduera batzuk Errekaldeko Udaltegian eta Bizkaiko Aretoko – UPV/EHUko teilatu lauan eta horman programatuko dira ere.
Dantza bertikaleko eta arnes-laneko profesionalei zuzenduta dago, eta bertan, hainbat arloko prestakuntza egongo da. Hitzaldiak egingo dira eta baita diziplina horretako profesionalek emandako tailerrak eta ikastaro teorikoak ere.
Horrez gain, bukaeran egindako lanaren erakusketa egongo da, baita topaketari amaiera emateko ikuskizun bat ere, irailaren 21ean, ostegunean 19:00etan El Fangon.
Topaketa honetan izena emateko eta parte hartzeko formularioa eskuragarri dago jada. Kupoa 30 pertsonakoa da eta prezioa 65 eurokoa, hiru jardunaldietako prestakuntza eta bazkariak barne. Parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa izango da horrelako jardueretarako egokia den istripu-asegurua izatea.
Dantza bertikala Euskadin gero eta gehiago praktikatzen ari den diziplina da. Bilboko Udalak El Fango Kiroldegiko instalazioak egokitu ditu praktika horretarako. Gainera, espezialitate horretako ikuskizunak hartu dira Zirkualde eta Bilboko Kalealdia jaialdietan.Izan ere, topaketa hau Bilbon dantza bertikala sendotzeko beste urrats bat da.
Programatutako proposamenen artean, honako hauek nabarmentzen dira:
Ikastaro teoriko-praktikoa eta Rigging praktikoko tailerra
- “Zintzilik Rigging”-ek eskainitako hormara irtetea, protokoloa, segurtasun-neurriak eta oinarrizko ezagutzak
Zintzilik Rigging proiektuan, rigger talde batek irizpide sorta bat bildu du, soka bidezko edozein muntaia behar duten ikuskizunetarako lan-metodologia bat garatzeko. Proposamena jaio zen artisten kolektibo horrek behar duen profesionaltasuna eskaintzeko, alor horretan dagoen prekarietatea desagerrarazteko eta lan-jarraibide eta -prozedura seguruak sustatzeko. Konpromiso argia dute sektore horretako erabiltzaileekin, eta, horrez gain, laguntza eta irtenbideak eskaintzen dituzte, ikuskizun bat muntatzerakoan sortu daitekeen edozein arazori erantzuteko.
Lurra-hormako eta puntu finkoko ikastaroa
- Maitane Sarraldek eta Alejandra Dezak emanda
Maitane Sarralde Marie de Jong eta La Glo Zirko konpainien kidea da eta “CEC” ikasketak egin zituen, Pablo Ibarlucea Eskolan. Gaur egun, dantza bertikaleko dantzaria da zenbait kultura-ekitalditan eta tokiko eta nazioarteko konpainietan. Horrez gain, entrenamendu aplikatuaren, dantza garaikidearen eta dantza eseki edo bertikalaren klaseak ematen ditu Dantzerti Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolan, “CEC” Pablo Ibarlucea Nazioarteko Eskolan, Dantzaka Zirko Espazioan, Zirkuolan, Zirkozaurren, Muxikebarrin.
Alejandra Deza, Stockholmen. Nueveochenta (Madril), La Glo Zirko eta Dantza (Bilbo) eta Nèon Theatre (Katania) aireko dantza eta antzerki konpainietako kidea da. La Fura dels Bausekin ere jardun du, aireko dantzari gisa, eta Iker Gómezen La Joven konpainiarekin, dantza garaikideko dantzari moduan. Gaur egun, arnes-dantza irakaslea da Madrileko Espacio Que Vuela-n, eta bakarkako bere lehen lana antzezten ari da: Cubea.
Horma altuko tailerra (akrobaziak lasterketetan)
- “La Glo Zirko Dantza”-ko Gloria Peónek eta Pere Vilarrublak emango dute
Gloria Peón La Glo Zirko eta Dantza konpainiaren zuzendaria, zirku-artista eta aireko akrobata da. 2005ean jaio zen bere lehenengo zirku-konpainia: Azulkillas. Eta, hamar urte geroago, dantza bertikalaren Euskal Herriko lehenengo konpainia sortu zuen. Prestakuntza amaituta, Dantzaka Zirko Espazioa zirku-eskola zabaldu zuen, Bilbon —izan ere, pedagogia da Gloriaren beste grinetako bat—. Azken urteotan, zirkua alde batera utzi gabe, dantza bertikalera bideratu du bere karrera, eta horretan oso fokuratuta egon da: hortxe aurkitu du bere pasio berria. Era berean, estatuko eta nazioarteko zenbait jaialditan ibili diren dantza bertikaleko hiru ikuskizun zuzendu, sortu, ekoitzi eta koreografiatu ditu, eta “site specifics” batzuk ere bai.
Pere Vilarrubla 2016an, dantza bertikala eta arnes-dantza ezagutu zituen, eta, ordutik, estatuko eta nazioarteko erreferentziazko irakasleekin ikasten. Gaur egun, Sacude konpainiako kidea da (Bartzelona), eta Euforia taldearen azken proiektuan dantzatu da. La Glo konpainiarekin ere aritu da (Bilbo), Sacred lanean; eta, 2023an, Ensueño estreinatuko du. Gainera, 2018tik, Menorca en Dans dantza eta sormen garaikidearen jaialdiaren ekoizpena koordinatzen du.