Bilbao basque FESTen barruan 200 jarduera inguru antolatu dira martxoaren 27tik 31ra. Antolatutako jaialdiaren barruan dantza tradizionaleko eta garaikideko erakustaldiak, kontzertuak, kale antzerkia, zinema saioak eta bakarrizketa komikoak proposatzen dira, besteak beste. Musikaren atalean ia genero, erritmo eta estilo ia guztiak biltzen dira: folka, rocka, popa, jazza, musika elektronikoa, punka, euskal doinu tradizionalak eta abar; doako hogei kontzertu baino gehiago, emakumearen protagonismoa nagusi dela.

Kuttune taldea izango da jaialdia irekiko duena martxoaren 27an (eguaztena), 19:00etan, Azkuna Zentroan, egunero folk kontzertuak hartuko dituen gunean. Nerea Quincoces Artziniegako perkusio jotzailea buru dela, talde honek euskal erritmoak eta Kubako eta Afrikako musika uztartzen ditu, eta jazz ukituak ere baditu. Hurrengo egunean, martxoaren 28an (eguena), ordu berean, Udal Txistulari Bandak kontzertu bat eskainiko du; bertan, bi txistu, bi silbote, atabal bat, akordeoi bat, txalaparta, Oinkari dantza-taldeko hiru dantzari bikote eta lau erraldoik parte hartuko dute.

Martxoaren 29an (barikua) Sarrabete taldearen txanda izango da, Leire Etxezarreta abeslaria buru dela. Euskal folklorean ia ahaztuta dagoen musika tresna, zarrabetea, berreskuratu eta ikusgarritasuna eman dio talde honek. Euren errepertorioan folk tradizionala eta soinu berriak batzen dituzte. Amaterra -Laida Dominguezen eta Miren Valverderen ahotsak konbinatzen ditu- izango da musika-atala itxiko duena hilaren 30ean (zapatua), naturarekin berriz konektatzea proposatzen duten soinu delikatuak, ia onirikoak, proposatuz.

EIDER SÁEZEN KONTZERTUA ETA GAUEKO ERROMERIA

Martxoaren 29an (barikua), 20:30ean, Nøgen taldeko lider izandako Eider Saezek bere bakarkako lehen lana aurkeztuko du Areatzako Kioskoan eta hilaren 30ean (zapatua), ordu berean, gaueko erromeria izango dugu Kresala taldearen eskutik.

Bilbao basque FESTek kontzertuen proposamenak ditu egunero Azkena Aretoan eta Rocket tabernan; horietan Taberna Live Music” saila egingo da. Triple Zero, Iñigo Puertas, Norman Bates eta Chulería, joder! bezalako artistek euren musika eskainiko dute zuzenean eta rocka, punka, jazza, rap musika eta beste estilo batzuetako abestiak abestera animatuko dute publikoa.

ZAZPIGARREN ARTEA ‘BASQUE’ ZIGILUAREKIN

Bilbao basque FESTek estatuan eta nazioartean onarpen handia izan duten bi filmez gozatzeko aukera eskainiko du. Azken Goya sarietan Estíbaliz Urresolaren “20.000 especies de abejas” filmak 3 Goya sari irabazi zituen (zuzendari berri onena, emakumezko bigarren aktore onena eta gidoi original onena) eta Martín Romeroren “To bird or not to bird” film laburrak animazioko film laburrenaren saria.

BBK Aretoan film laburra eskainiko dute aurrenik eta ondoren zuzendari arabarraren opera prima. Film horretako Sofia Otero protagonista gazteak Zilarrezko Hartza eskuratu zuen Berlingo Zinemaldian.

DANTZA GARAIKIDEA ETA TRADIZIONALA

Isozaki dorreen artean dagoen Bizikidetza plazan aurkeztuko dira Aukeran eta Salbatzaile Dantza Taldearen koreografiak. Lehenengoak “Aiurri” aurkeztuko du martxoaren 29an (barikua), 18:30ean, gizakiaren mugimendu-premia aztertzen duen ikuskizuna. Salbatzaile dantza-talde historikoak, martxoaren 28an (eguena) 18:30ean, euskal kultura herrikoian oso errotuta dauden dantza alaiak eskainiko ditu.

Gainera, martxoaren 28an (eguena), 29an (barikua) eta 30ean (zapatua) 19:00etatik aurrera erromeriak izango dira Gas plazan Ortzadar, Jira Musika eta Ziortza eta Leireren eskutik. Areatzako kaian, martxoaren 31n (domeka) 13:00etan, Dantza Plazan saio bat egingo da lehen aldiz. Bertan, irakasleek parte-hartzaileei dantzarako pausoak erakutsiko dizkiete. Artxandan ere –festarako txoko klasiko bat– euskal dantzen tailerra egingo da domekan, 12:00etan hasita, eta ondoren erromeria alai bat egingo da Gaztediren eskutik.

BAKARRIZKETAK BILBOROCKEN ETA KALEKO ANTZERKIA ERRIPAN

Deskonektatzeko eta une atsegin bat igarotzeko, zer hoberik Bilborock-era hurbiltzea baino. Bertan, martxoaren 28an (eguena), 20:00etan, Jon Plazaola ezagunak “Humor and Basque” zikloa irekiko du, “Tu Tum Platz” ikuskizunarekin, umorista gisa duen jatorrira itzuliz. Hurrengo egunean, ordu berean, Bocabeats Comediak, Ivan Perez eta Aitor Vidaurretak osatutako bikoteak, “Tirando del carro” inprobisazio lana aurkeztuko du. Zapatuan, hilak 30, Aroa Berrozpe monologuista ospetsuak eta haren “Mejor se reírnos” lanak emango diote amaiera sekzioari. Bere bizitzako pasarteak gogoratuko ditu, garraztasunez eta ironia handiz.

“Euskal zigilua” duen kale-antzerkia Erripako kaian kontzentratuko da, ikuskizun gehiago eskainiz. Martxoaren 28an (eguena), 18:00etan, Goitibera konpainiak Yijaaa!!!!!! ikuskizuna estreinatuko du, Aristides Smith abenturazale ospetsuaren eta haren laguntzaile leial Giovanni Cannoliren azken balentria kontatzen duena: eskalada eta, ondoren, jauzi librea munduko gailurrik garaienetik! Barikuan, hilak 29, ordu berean, publikoak gozatu ahal izango du Bea Larrañagaren “Soy la bomba” ikuskizuna, Ttkun gozotegian egiten dituen Chantilly-bonbetan oinarritutako oso iraultza gozo bat prestatzen ari dena. Hurrengo egunean, niMúk bere ,"Jacuzzi"an murgilduko gaitu, berez xaloa den galdera bati erantzuteko: Norantz doaz burbuilak?

KONTZERTU POETIKOA, DJ’ak ETA MUSIKA ANIMAZIOA KALEETAN

Martxoaren 28an (eguena), 12:00etan, Bilboko Berreginen Museoak proposamen original bat hartuko du, Manu Gaignek eta Puy Barralek sinatutako proiektua; proiektu horretan musika eta poesia uztartzen dituzte, ikus-entzuleekin interakzioa bilatuz.

Bilboko kaleak funk eta rock doinuz ere beteko dira Rock'n Brass, Basque Brass Band eta Funky Brass taldeen musika animazioarekin, Zazpi Kaleetan eta Martzana kaian zehar ibiliko dira doinu herrikoiak eta haize instrumentuen erritmo indartsuak tartekatuz.

Eta, ohi bezala, jaialdia uriko hainbat txokotara zabalduko da, ohiko kalejirekin. Ziortza eta Leire, Jira Musika, Izalde eta Samasiku taldeek energiaz eta alaitasunez beteko dituzte Poza Lizentziatuaren kalea, Villarías kalea, Ledesma kalea, García Rivero kalea eta, lehen aldiz, Diputazio kalea, non “Bilbotxeros Band” taldeak emanaldia eskainiko duen zapatuan, hilak 30, 13:30etik 15:00etara.