Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bikaina baina hutsala

Dokumentuaren akzioak

Bikaina baina hutsala

Kritika, 'Portable dances'

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2006/12/15

Portable Dances hiru zatitan banatutako koreografia da baina hiruretan mantendu dira Jose Navas koreografoaren kezka artistikoak eta konpainiako lau dantzarien maila gaindiezina. Hasierako zatia Pas de deux for four dancers deitzen da eta, izenak dioen moduan, lau dantzariak agertokian izan arren, binaka dantzatu dute, bikote bakoitzak amaitzen zuenean hurrengoari lekua utziz. Saten beltzezko alkandorak jantzita agertu dira lau dantzariak -hiru neska eta Navas bera-, oinutsik eta besoak nahiz zangoak agerian zeudela, horrela areagotuz mugimenduen leuntasun hipnotikoa.

Lehen pieza honetan oso interesgarria izan da dantzari batek bestearen mugimenduaren zati batzuk berreskuratu eta paraleloan garatzea. Era berean balio artistiko ukaezina izan dute nesken bikoteak sortutako tentsio eta oreka jarrera laburrek. Hala ere, muturreko leuntasuna, perfekzioa eta arintasuna izan dira gehien harritu gaituzten elementuak.

Etenaldi txiki baten ostean, bakarrik agertu da Navas more koloreko argi foku handi baten pean, aurreko zatiko bidetik jarraitzeko. Solo with Light izeneko lan honetan txandal erako praka gorriak janzten zituen eta haren soin gihartsu eta izerditsuak borroka-arte itxura eman dio piezari zenbait momentutan.

Azkenik, Trio in White izeneko zatian, hiru neskak agertu dira hospizio batetik hartuak ziruditen kulero eta kamiseta zuriekin jantzita. Honetan ere errepikatu dira aurreko zatietako ezaugarriak, baina arroparen itxura eskasak eta soinu-bandaren laztasun itzelak asko itsustu dute lan koreografikoa. Gainera, konexiorik gabeko mugimendu zatikatuek eragotzi egin dute emozioaren igoera eta, gauzak horrela, ariketa segida baten tankera joan da hartzen Flaken proposamena: gimnastika ariketa bikaina, dudarik gabe, baina edukirik gabea azken finean.

Konpainia: Flak. Lekua: Bilboko Guggenheim museoko auditoriuma. Eguna: Abenduak 13.

Dokumentuaren akzioak