Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bihotza eta arima dantzan

Dokumentuaren akzioak

Bihotza eta arima dantzan

Lucia Lakarrak 'Sentir la danza y bailar con el alma' obra aurkeztuko du gaur Viktoria Eugenia antzokian

Egilea
Amaia Elizondo
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2007/11/17

Lakarrak berak aukeratu ditu bai dantzariak baita piezak ere obra horretarako. «Ikuskizunaren egitura nik antolatu dut, nahiz eta askotan ez den erraza zuk nahi dituzun dantzariak eskura izatea». Hamar koreografiaz osaturiko programa aurkeztuko du. Horien artean, pieza klasikoak, neoklasikoak eta garaikideak daude. Gainera, obra esklusiboa da, ez du beste inon dantzatuko.

Adagio for strings koreografiarekin hasiko dute ikuskizuna Lakarrak eta Cyril Pierre dantzariak. Ondoren, Le Parc,Tientos eta Coppelia piezak etorriko dira. Ikuskizunaren lehen zatia amaitzeko, Light rain dantzatuko dute berriz bi dantzariek. «Zenbait dantza taldetako dantzariek parte hartuko dute, eta niretzat esanahi handia duten koreografiak dira. Flamenkoa eta doinu klasikoak dantzatuko ditugu batez ere».

Bigarren zatian, berriz, beste bost koreografia dantzatuko dituzte: La dama de las camelias, Charlot dances avec nous, La Bayadera, Zapateado eta Thais. «Guztiek dute berezitasunen bat, bai soinuarengatik edo koreografiarengatik».

«LEKU BEREZIA». Lakarrak 17 urterekin dantzatu zuen lehen aldiz Viktoria Eugenian, Victor Ullate dantza konpainiarekin. Orduan, «presioa eta poztasuna» sentitzen zuen, baina, dioenez, beti izan da leku berezia dantzatzeko. «Nahi bezain bestetan ezin dut hona etorri, nire etxera. Horregatik, hemen dantzatzen dugun bakoitzean zirrara berezia sentitzen dut».

Orain, Viktoria Eugenia antzokiko eszenatoki eta baliabide tekniko berriak erabiliko ditu lehen aldiz. «Oraindik ez dakit nolako baliabideak dauden, baina ziurrenik teknologia berriek ematen dituzten aukerek ikusgarritasuna eskaintzeko balioko dute».

Lakarrak bost urte daramatza Municheko Operako Balletean, Alemanian. Bertan «oso gustura» dagoela aitortu du, profesional askorekin lan egiten baitu. Oraingoz han jarraitzeko asmoa du, baina ahal duen bakoitzean hona etortzen da dantzatzera. «Nire jendeari nire lana erakustea benetan izugarria da. Zerbait transmititzeko, benetan berezia izan behar du zuretzat ere».

Gaur eta biharko emanaldietan «jendeak goza dezan» nahi du. Izan ere, dantzari profesional ugari bildu ditu obra horretan, eta horrek lan handia izaten du. Bestalde, Lakarrarentzat dantza emozio ugari batzen dituen artea da. «Ez dut gorputzarekin bakarrik lotzen dantza, emozioekin guztiz lotuta dago niretzat. Emozioak transmititzen saiatzen gara jendeari, eta hori lortzean sortzen den sentipena ezin da hitzekin azaldu».

Dokumentuaren akzioak