Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Biharko klasikoak

Dokumentuaren akzioak

Biharko klasikoak

BAD Bilboko Antzerki eta Dantza jaialdian hainbat herritako 22 taldek eskainiko dituzte obrak ostiraletik aurrera

Egilea
Irune Berro
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2008/10/22

Euskal Herriko nahiz atzerriko lanak erakusten baititu BADek, urtero. Horietako batzuk berriak izaten dira, estreinaldiak. Beste batzuek egina dute bidearen zati bat Bilbora heltzen direnerako. Alabaina, denak dira berritzaileak, azken joerei segika eginiko piezak.

Gaitzerdik hilaren 29an estreinatuko duen obra ere bai. Hogei urte beteko ditu aurten Bilboko konpainiak, eta 20. urtemuga ospatzeko «bestelako obra» prestatu duela adierazi du Kepa Ibarra zuzendariak. «Ohiz kanpoko lana da, arriskatua», esan du. Paisaje con Argonautas du izenburu, eta konpainiako Kabia izeneko esperimentazio laborategiko artistek sortu dute, Heiner Müller antzerkigile alemaniarraren izen bereko obran oinarrituta. Gaztelaniaz soilik emango dute lana.

Orotara, 22 konpainiak emango dituzte lanak BADen. Euskal Herriko antzerkiaren ordezkari Le Petit Theatre De Pain (Aulki hutsa eta Juglarea, puta eta eroa emango ditu) eta Gabriel Ocina (El lobo y el alma) ariko dira Gaitzerdirekin batera.

Dantzaren esparruan, berriz, honako hauek erakutsiko dituzte lanak: Iker Gomezek (Absurdo) eta Eusko Jaurlaritzaren Dantzan bilaka ekimenaren barruan bildutako Dakumenek (Vacío), Carla Fernandezek eta Olatz Andresek (Desde el ángulo ciego), Marian Gerrikabeitiak (Blank) eta Robert Jacksonek (Croquis). Idoia Zabaletak, bestalde, Filipa Francisco portugaldarrarekin sortutako Bicho, que eres un bicho dantza pieza aurkeztuko du.

Euskal Herriko hainbat tokitatik eta munduko beste herri batzuetatik iritsiko dira taldeak Bilboko jaialdira, hala nola, Suitzatik (L'Alakran), Italiatik (Teatro delle Ariette), Espainiatik (Cambaleo eta Maria Jerez), Galiziatik (Miriam Reyes), Herrialde Katalanetatik (Antorcha amable eta Playground) eta Frantziatik (Louis Brouillarden konpainia, Herman Diephuisen konpainia eta Concepcion Rachid Ouramdane eta Christian Rizzo).

BADen ohikoak diren agertokiei, Merced eskola, Bilborock, San Frantziskoko auzo etxea, Fundicion, BilboEszena eta Arriagari, agertoki berri bi gehituko zaizkie: Kafe Antzokia eta Guggenheim. Gaitzerdik Kafe Antzokian aurkeztuko baitu obra berria. Eta BADen inaugurazioa museoan egingo baitute ostiralean.

Horretaz gain, Itineris apur BAD egitasmoak Zorrotzaurrera eramango ditu aurten antzerkia eta dantza. Arriagan hasiko dute ibilbidea izena ematen dutenek. Antzokiaren plazan hartuko dute Sarrikoko metro geltokira eramango dituen autobusa. Handik Deustuko Arraun taldearen egoitzara abiatuko dira; Marmoles El Abra enpresara gero; eta Beta eraikinera ondoren. Bidean zer ikusiko duten? Denetarik apur bat. Matxalen Bilbaoren Haiku dantza lana, esate baterako.

Dokumentuaren akzioak