Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bihar ihote festan murgiltzeko hitzordua, Abaraxka ludotekan

Dokumentuaren akzioak

Bihar ihote festan murgiltzeko hitzordua, Abaraxka ludotekan

Bigarren zita hilaren 23an izango da, Auzokalte elkartean

Egilea
Goizarin
Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Oiartzuan
Mota
Albistea
Data
2016/01/15
Lotura
Diario Vasco

Oiartzungo Ihoteak ate-joka ditugu, hilaren 29-30-31an ospatuko baitira. Antolatzaileek, urtero modura, herritarrak parte hartzera animatu nahi dituzte, baina zakuz janztea eskatzen dute. Eta festa herrikoi horietan behar den bezala murgiltzeko bi saio antolatu dituzte herrian.

Lehen hitzordua bihar bertan jarri dute Abaraxka ludotekan, arratsaldeko 17:00etan. «Larunbat honetan ekintza ezberdinak egingo ditugu, Ihote festan murgiltzen hasteko», adierazi du Nekane Martiarena dinamizatzaileak. Besteak beste, «sorgin hizkuntza ikasiko dugu, herria apaintzeko oihalak prestatuko ditugu, arbasoen deiak ezagutu, zomorrozinko, abestiak, dantzak, auzoetako koloreak ezagutu...», azpimarratu du. Deialdia irekia da eta herriko familiek parte har dezakete.

Soinuenean II. hitzordua

Bigarren zita Soinuenea Fundazioak egin du, Abaraxkako kideekin batera. Izan ere, tailer batzuk antolatu dituzte aurtengo Ihoteetan parte hartzeko asmoz daudenen lagunentzat. «Batetik, dantza tailerra jarriko dugu martxan Olarri dantza taldeko eta Lartaun Txistulari Taldeko kideekin», adierazi du Juan Mari Beltran arduradunak. Horrela, Auzokalte elkartearen aurreko aldean dantzak ikasi edota gogoratuko dituzte. Era berean, Abaraxkako kideekin Ihoteetako zakua apaintzeko aukera izango da. Hilaren 23an, larunbatarekin, jarri dute bigarren hitzordua, arratsaldeko 17:00etan.

Maskaren erakusketa

Ihoteak aitzakia hartuta, Tolaita ostatuak erakusketa berri bat zabaldu du hilabete honetan, urtarrilean. «Intxixu eta sorginak» izeneko erakustaldian, Oihana Etxebeste artista oiartzuarrak hamalau maskara jarri ditu ikusgai. 'Xiri', 'Mantxo', 'Xare', 'Hedoi', 'Sugoi', 'Izei', 'Sorgin', 'Txikitero', 'Mare', 'Gizon', 'Hua', 'Morrotx', 'Akox'... izen xelebrez 'bataiatu' ditu arte-lanak Etxebestek eta ostatua zabalik dagoen ordutegian ikus daitezke, urtarrilaren 31 bitarte.

Tolaita ostatuan 'Intxixuak eta sorginak' erakusketa dago.
Tolaita ostatuan 'Intxixuak eta sorginak' erakusketa dago. / GOIZARIN

Dokumentuaren akzioak