Dokumentuaren akzioak
Bihar, ehun dantzari pasak 'Horra, horra Biraka!' dantza-saioa egingo dute
Bihar, 50 minutu inguruko saioa eskainiko du Dantza Birakak Soraluzen. Herrian dantza garaikidea ikasten ari diren sei taldeetatik lauk dantzatuko dute Horra, horra Biraka! ikuskizunean. Dena den, herriko sei taldeek parte hartuko dute ikuskizunaren aurretik egingo duten kalejiran. Hori 18:30ean hasiko da, Plaza Zaharretik udaletxera eta handik kiroldegira egingo dute.
Horra, horra Biraka! ikuskizunari dagokionez, 130-140 bat dantzari izango ditu protagonista, 10 urtetik 24 urtera bitartekoak. Soraluzekoekin batera, Elgoibarko eta Eibarko dantzariak ere arituko dira eta 13 Gabon kanta ezagun koreografiatuko dituzte, Olentzero, Ala ken edo Jingle Bells bezalakoak, adibide batzuk jartzearren.
450 sarreretatik ia denak banatuta
Josu Mujika Birakako koreografoak eta arduradunak esplikatu duenez, berez, kalerako prestatutako ikuskizuna da bihar egingo dutena, baina eguraldia eta lekua kontuan hartuta, kalean egin beharrean, kiroldegian egitea erabaki dute, babestuago egoteko, “baina kaleko emanaldia balitz bezala” izango da.
Horra, horra Biraka! ikusteko ez da sarrerarik salduko. 450 bat txartel atera dituzte eta gehienak dagoeneko banatuta daude, dantzarien senideen eta lagunen artean. Dena den, bertaratu nahi duenarendako bada oraindik sarreraren bat libre. 18:45ean zabalduko dute harmailetarako sarbidea.
Dokumentuaren akzioak