Dokumentuaren akzioak
Bide zuzena
Matxalen Bilbao, Koreografoa eta dantza garaikideko dantzaria
Euskadiko dantza talde independenteei begiratu bat emanez gero, ohartuko gara hauek direla kezka nagusiak: beren diziplinarako bakarrik erabiliko den toki bat izatea; babes instituzionala eta pribatua izatea, hartara ikerketan eta sormen lanean aritu ahal izateko; ikusleak sentiberatzeko modua bilatzea, oraindik ere haiek arte jasotzat baitaukate dantza. Horiek dira dantzaren gabeziarik handienak, nahiz eta euskal munduan dantza izan den agertokietako adierazpiderik emankorrenetakoa. Baliabide falta hori konpondu egingo litzateke Koreografia Zentro bat sortuta.
Funtsezkoa iruditzen zait gaur egun dantza talde independenteek dituzten kezkak biltzea, mugimenduaren arteentzat toki bat lortze aldera.
Gure baliabideen eskasia egiazkoa da, eta nahiz eta bai erakundeek eta bai lanbidean ari garenok poliki-poliki pausoak eman ditugun, funtsezkoa da koreografia zentro bat izatea, dantza normal garatzeko.
Zoritxarrez, sormen lana bigarren jardunbidea da herri honetako koreografo eta dantzari gehienentzat; izan ere, horretan buru-belarri ari nahiko luketen arren, beste enplegu batzuk behar dituzte mantenduko badira. Antzerki arteek, batez ere dantzak, babes berezia behar dute, eta baliabideak biltzeko erraztasun handiagoak.
Esperimentazioa berezkoa du dantza independenteak. Baina kudeaketa ondo moldatzen ez den bitartean, dantzariek eta koreografoek denbora gutxi izango dute sormen lanean aritzeko.
Askok bestela uste badute ere, dantzak baditu ikusleak. Dantza independentea ikusteko beharra nola sortu: horra hor gaur egun heldu beharreko desafioetako bat.
Arrunt esperientzia aberatsa da urteotan hemen nola landu ditugun antzerkia eta dantza. Ez dakit eredu bat osa daitekeen horrekin, baina jakin dezakegu nola egin ahal izan den hainbeste, hain baldintza eskasetan. Orain jakin-minez nago Koreografia Zentroa nolakoa izango den; espero dut aholkulari onak izatea proiektua lantzeko eta kontuan hartzea artisten esperientzia.
Pixkanaka-pixkanaka gauzak bide onetik doaz!
Dokumentuaren akzioak