Dokumentuaren akzioak
Bidador pastoralaren DVDa salgai jarri dute
“Joxemiel Bidador, Iruñeko euskaldunak” pastoralaren DVDa karrikan da jadanik. Ikuskizunaren estreinaldi egunean –urriaren 10ean– Iruñeko Burguen Plazan zuzenean grabatutako irudiekin osatua da.
Pastoralean parte hartu zuten arizale, musikari eta dantzariek Iruñeko alde zaharrean eginiko karrika-inguruko irudiak ere biltzen ditu DVDak. Horiekin batera, pastoralaren testua eta xehetasun guztiak biltzen dituen liburuxkak osatzen du Karrikirin soilik, eta 12 euroren truke, eskuratu ahal izanen den DVDa.
Pastorala Duguna dantza taldeak, Zaldiko Maldikok, Euskaldunon Biltokik eta Karrikiri elkarteak bultzatutako egitasmoa da, Joxemiel Bidador historialari, filologo, dantzari, ikertzaile, irakasle eta idazle iruindar zenaren omenez. Iruñean ekoiztutako lehenengo pastorala izan da eta estreinaldia pasa den urriaren 10ean burutu zen mukuru betetako Burguen plazan, Iruñean.
Bidadorren bidez, Iruñeko euskaldunak ere omendu ditu ikuskizunak, Bidadorrek, bere obraren bidez, gutxik bezala agerrarazi baitzuen Iruñeko euskaltzaleen izaera organikoa eta kolektiboa. Antzerkia, dantza eta kantua nahasten dituen herri-ikuskizunaren gidoia Jon Alonsok idatzi du, eta zuzendari lanetan Aritz Ibañez eta Ihitz Iriart aritu dira. Guztira laurogei lagun inguru aritu dira; musika, antzezpen eta ekoizpen lanetan, denak amateurrak eta eskuzabaltasunez. Tuterako Erraldoien konpartsak eta San Lorentzoko Dantzariek ere hartu dute parte gonbidatu gisa, bi taldeetan partaide izan baitzen Joxemiel Bidador.
Dokumentuaren akzioak