Dokumentuaren akzioak
Bidador-en Pastoralako liburua jada salgai
Ikuskizuna urriaren 10ean eginen da, Iruñeko Burgoen Plazan, 17.00etan hasita
Liburuxkarekin batera, Iruñeko euskaldunak omenduko dituen egitasmo hau laguntzeko aukera izanen da, pastoralaren zapia 8 euroren truke erosiz. Eta biak, liburuxka eta zapia, erosi nahiz izanez gero, prezio berezia eginen da; 15 euro.
Iruñeko Duguna Dantza Taldea, Zaldiko Maldiko, Euskaldunon Biltoki eta Karrikiri Elkartea dira zuberotar moldeko ikuskizunaren antolatzaileak, eta ia ehun lagun inguru ari dira arizale, kantari, dantzari, musikari eta gainerako parte-hartzaileen artean; gehienak Iruñea eta Iruñerrikoak. Testua Jon Alonso idazle iruindarrak idatzi du, eta Ihitz Iriart nahiz Aritz Ibañez dira errexentak edo zuzendariak. Aipatu behar da Tuterako Erraldoien Konpartsaren eta San Lorentzoko Danzanteen parte-hartzea, Joxemiel Bidador zena bi talde horien partaide izan baitzen.
Ikuskizunean Bidadorren ibilbidearen glosa eginen dute: Bidador idazle, dantzari, ikerlari, alkate, laguna, familiako… ageriko da, eta, era berean, ikuskizunak Iruñeko Euskaldunei eginiko gorazarrea izan nahi du. Pastorala Burgoen Plazan emanen da, baina eguraldiak laguntzen ez badu, Labrit pilotalekuan eginen da.
Dokumentuaren akzioak