Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Biarritz Ballet Junior datorren uztailean deseginen da

Dokumentuaren akzioak

Biarritz Ballet Junior datorren uztailean deseginen da

Egilea
Xan Aire
Komunikabidea
Berria
Tokia
Baiona
Mota
Albistea
Data
2008/04/15

Desegite horren arrazoiak Biarritz Balletaren eta Dantzaz elkartearen artean bilatu behar dira. 2002an sortu zuten Dantzaz, Donostian, Europako Interreg III-en, alegia, «mugaz gaindiko dantza politika bultzatu nahi duen programan» sartzeko. Zehazki, Europako diru laguntzak hunkitzea izan zen Dantzaz elkartearen xedea. Diru horrekin sortu zen Miarritzeko lehen Ballet Junior, 2005ean, zazpi hilabete iraun zuena; Donostia aldean dantza hedatzen ere hasi ziren, udako eskolak antolatuz, adibidez. 2006an, Ballet Gazte berri bat osatu zuten Miarritzen, hori ere Malandainek eramanik, datorren uztailean deseginen dena.

Tartean, desadostasun batzuk izan dira Thierry Malandain eta Filgi Claverie Dantzaz-eko lehendakariaren artean. «Dantzaz-ekoek ez zuten Biarritz Ballet izenik nahi ballet gaztearentzat», jakinarazi du Malandainek. «Izen hori gabe, ordea, zentzu guzia galtzen zuen erakundeak, nire iduriko». Horretarik hasi ziren bereizketak. Eta, «ikusiz Dantzaz-ek autonomoagoa izan nahi duela, elkartearekin zuen lankidetza ezeztatzea erabaki du Biarritz Balletek», erran du Malandainek.

 

«GURE INDARRA ZEN». Biarritz Balletak ez du, ordea, Europako diru laguntzarik hunkituko, Dantzaz elkartetik bereizita. «Baina ez dut gatazkarik nahi», azpimarratu du Malandainek. «Dantzaz-ek diru laguntzak hartu eta joan dela, nik ez dut nahi horrelakorik erratea. Gero, Ballet Junior gure indarra zen. Hasteko, datozen hilabeteetan entseguak eginen dituzten dantzari gazteek, ez dituzte Biarritz Baletarentzat eginen».

Dantzaz-en proiektu berriaz, ordea, ez du xehetasunik eman izan nahi Filgi Claveriek. «Une egokian, irailean aipatuko ditugu», hitzeman du elkarteko lehendakariak. Baina Biarritz Balletak jakinarazi duenez, «Miarritzeko Ballet Junior deseginen da, gisa bereko proiektu bateri lekua uzteko, Malandainen ardura pean egonen ez dena».

Dokumentuaren akzioak