Dokumentuaren akzioak
Biarritz Baletak 'Sorkuntza' ikuskizun berria aurkeztuko du Miarritzen
Gare du Midin eskaniko ditu emanaldiak, gaur eta bihar gauean
Baleteko 14 dantzariek Bibliak munduaren sortzeaz ematen duen bertsioa dantzaren historiarekin parekatuko dute. Gaur egungo ingurumen kaotiko horren aitzinean eginiko hausnarketa batetik abiatu zen Malandain ikusgarria idazterakoan. Artista gisa, berriz ere jatorrietara eraman nahi luke ikuslea. «Beste zerbait erakutsiz, une zoriontsu bat» proposatu nahi dio. «Maitasun aitormen bat da ikusgarri hau. Dantzatzen duen mundu baten aldarrikapena».
Munduaren hatsarri horretan, Malandainek Adan dantzari ikusten du. Hortik abiatuta, Paradisuan gertatutakoak eta dantzaren mundukoak nahasten ditu. Adan bakarrik hasi eta lehen dantzari bikotea sortzen da Eva heldu zaiolarik. Evak Cain eta Abel haurrak ukan eta lehen laukotea osatzen dute. Eta horrela, dantza klasikoa, barrokoa eta garaikideak erakusten dituzte taula gainean.
Sagarraren dastatzeari dantzako erorketa pausoarekin egiten dio oihartzun Malandainek. «Biblian eta dantzaren hiztegian, bietan dago erorketa hitza», azpimarratu du. «XX. mendea arte, xut-xuta, puntetan, gora begiratzen zuten beti dantzariek. Dena bertikalean zen. Aldiz, XX. mende hastapenean ardatz horizontala lantzen hasi ziren. Eta ondorioz, erorketarena». Paradisuko batasuna sagarra dastatzearekin hausten da. Erortzen. Evak ongiaren eta gaizkiaren ezagutza egiten du.
Dokumentuaren akzioak