Dokumentuaren akzioak
Biarritz Baletak 'Creation' lan berriena emango du Bilbon, bihar eta larunbatean
Creation lanak, kristauen tradizioa jarraituz, Biblian agertzen den gizadiaren sorkuntza eta eboluziaren historian du oinarria. Horrela, obraren eta Biarritz Baletaren zuzendari Thierry Malandainen esanetan, antzezlanak Adan eta Evatik hasi eta pixkanaka dantzak historian zehar izan duen garapena erakustea du helburu. «Hasieran Adan bakarrik agertzen da dantzan, baina bakarrik aritzeaz aspertu eta Jainkoak Eva sortzen du elkarrekin dantzatu dezaten. Baina biak ere gutxitxo dira eta familia handitzea erabakitzen dute. Pixkanaka-pixkanaka jendea gehituz doa eta azkenean gizadia sortzen da», azaldu du Malandain zuzendariak.
Bilakaera jantzien bidez
Dantzaren bilakaera historikoa erakusteko, orain arte eman dituzten bi emanaldietan egin duten moduan, beste jantzi batzuk erabiliko ditu Bilbon, Miarritzeko Baletak. Batez ere, hiru une dira garrantzitsuak bilakaera jantzien bidez erakusteko ahalegin horretan. Lehen unea barrokoa da eta Las Meninas Velazquezen koadro ezagunean agertzen diren moduko gonekin jantziko dira dantzariak. Bigarren unea erromantizismoari dagokio, eta tutu luzeak erabiliko dituzte aro hori ordezkatzeko. Azkenik, klasizismoa dago eta oraingo honetan tutu laburrak izango dira oinarrizko arropa.
Guztira 14 dantzari arituko dira Arriagan eta denak ere Beethovenen Prometeoren izakiak izeneko musika konposizioarekin arituko dira dantzan. Bilboko emanaldien ostean Biarritz Baleta Italia eta Frantziara joango da hainbat herritara eramango dituen bira batean. Horren ostean, Malandainek aipatu duenez, New Yorkera ere joango dira Creation antzezlanarekin.
Dokumentuaren akzioak