Dokumentuaren akzioak
Bi herritan dantza jaialdi bera
Danbolin jotzaileak eta txistulariak izango dira Ezpalak jaialdiko aurtengo protagonistak
Kezka eta Duguna dantza taldeek zortzigarren aldiz antolatu dute Ezpalak dantza jaialdia. Oier Araolaza Kezka dantza taldeko kideak azaldu du aurten txistulari eta danbolinteroak izango direla jaialdiaren ardatz nagusi: «Musikariak beti izan ditu dantzariak, baina garrantzia beti dantzariek izan dute, Euskal Herrian behinik behin bai». Nazioarteko dantza taldeetan desberdin gertatzen dela uste du. «Protagonismo handiagoa hartzen dute Europako beste herrialde batzuetako txistulariek, harreman estuagoa dute, gertuago sentitzen dute». Katalunia, Espainia, Ingalaterra eta Euskal Herriko musikari eta dantza taldeak izango dira jaialdian. Musikarietako batzuk izen handikoak direla dio Araolazak. Kataluniako Angel Vallverdu eta Ingalaterrako Stephen Rowley nabarmendu ditu: «Biek, danbolina eta txistua jotzeaz gain, dantzaren inguruko ikerketak ere egiten dituzte. Rowley, esaterako, Ingalaterrako Morris dantzak —euskaldunen ezpata dantzen antzekoa— ikertzen dihardu. Vallverduk, berriz, Kataluniako makil dantzak aztertzen dituen liburua argitaratuta dauka».
Dantzetako asko herrialde batean baino gehiagotan egiten direla gogoratu du Araolazak. Bestearekiko dauden berdintasunak ikusi ordez, desberdintasunak aurkitu nahian aritzen direla iruditzen zaio: «Gehiago da gerturatzen gaituena, banantzen gaituena baino».
Ezpalak jaialdiaren lehen eguna Iruñeko Burgoen plazan egingo dute. Duguna taldearekin batera, Tarragonako (Herrialde Katalanak), Ingalaterrako Feet Togheter Jump, Zamorako (Espainia) Muelas de Pango, Itsasuko (Lapurdi) Ataitze, eta Berrizko (Bizkaia) San Lorentzo dantza taldeek egingo dituzte emanaldiak.
Hurrengo egunean talde berberak Eibarko Untzaga plazara joango dira. Han egingo dituzte emanaldiak, Kezka dantza taldearekin batera.
EZPALAK JAIALDIA
Non. Iruñean eta Eibarren (Gipuzkoa).
Noiz. Larunbatean eta igandean.
Nazioarteko hainbat dantza taldek parte hartuko dute Ezpalak jaialdian; Eibarren eta Iruñean egingo dute, etzi eta igandean. / LANDER FDZ. ARROIABE / ARGAZKI PRESS
Dokumentuaren akzioak