Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bi Harriz Lau Xoriren kantua entzungo da Biarritzen musika, zinema eta dantzaren bitartez

Dokumentuaren akzioak

Bi Harriz Lau Xoriren kantua entzungo da Biarritzen musika, zinema eta dantzaren bitartez

Egilea
Idoia Eraso
Komunikabidea
Gara
Tokia
Biarritz
Mota
Albistea
Data
2012/03/14
Lotura
Gara

Festibalaren izenak aurkezten dituen lau xorien kantak bezala, lau arlo ezberdin aukeratuak izan dira aurtengo edizioan euskal kulturaren erakusle gisa. Zinema, arte bisualak, musika eta dantzaren azken lanetako batzuk aurkeztuak izanen dira bost egunez Lapurdiko hiriburu kulturalean.

«Euskarazko zinemaren eraikina egiten hasteko ezarri diren bi harri handi aurkeztuko ditugu», adierazi zuen festibaleko kolaboratzaile den Le Royal zinema aretoko zuzendari Peio Ospitalek. Bi harri horiek «Gartxot» eta «Bertsolari» dira. Areto komertzialetan ibilbidea egin ondoren, orain zine-klub eta festibalen itzulia egiten ari dira biak, eta inguru horretan eskainiak izanen dira Biarritzen. «Gartxot»eko Juanjo Elordi eta Asisko Urmeneta bertan izanen dira lana aurkezteko.

Arte bisualen arloa Euskal Kultur Erakundeko Hogeita proiektuari lotua izanen da. Egitasmoaren baitan antolatu lehiaketako bi irabazleen hitzaldiak eskainiko dira. Bi artista plastiko hauek euskal kulturaren berjabetze eta berrasmatze moldeen lekuko dira. Beraien lanak abuztuan ikusgai izanen dira hiriko mediatekan, baina bitartean Nader Koochakik eta Berran Dezoteuxek sorkuntzari buruzko hitzaldiak eskainiko dituzte. Dezoteuxek tailer bat ere eskainiko du, bideo sorkuntzari buruzkoa, baina performancearen ildotik.

Kontzertu nagusia

Jaialdiko hitzordu nagusia izaten den kontzertura aurten bi kantari «ezberdin» gonbidatu dituzte. Amazigh Kateb kantari aljeriarrari harrera eginez Mursego eibartarra arituko da Atabaleko agertokian.

«Urtero antolatzen dugun kontzertu nagusian beste kulturak defendatzen dituzten pertsonak gonbidatzen ditugu, eta Amazigh Katebek inork baino hobeto ordezkatzen du ideia hori», azaldu zuen Biarritz Kulturako Eloixa Ospitalek.

«Txori mugarriak» irrati kontzertua eskainiko dute Maialen Lujanbio eta Xabier Erkiziak. Ikuskizun honen azkeneko zuzeneko emanaldia izanen da, ondoren irratian soilik entzuten ahalko da.

Dantzaren arloa ordezkatzeko EliralE eta Ertza konpainiak izan dira gonbidatuak. Azken honen izenak aditzera ematen duen legez, arte eremuen mugetan ari da «Act of God» lanean. Asier Zabaletak Arkaitz Canoren lanetik abiatuta jainkoari buruzko galderak pausatzen ditu, bai gorputzaren bitartez, baita antzezle legez Ander Lipusek eskaini laguntzari esker ere. EliralE konpainiak «Gorpitz» karrika lana aurkeztuko du jaialdian.

p051_f01_147x100.jpg

Dokumentuaren akzioak