Dokumentuaren akzioak
Bi erraldoi berri izango ditu Elgoibarko erraldoi eta buruhandien konpartsak
Gaur ailegatu dira Elgoibarko erraldoi eta buruhandien konpartsara batuko diren azken bi erraldoiak, herriko bi dantzari ezagunen irudian oinarrituta egindakoak biak.
Haritz dantza taldearen 50. urteurrenaren harira, erraldoi berriak bi dantzari izatea adostu dute Udalak eta azken urteetan erraldoiak dantzan jartzen dituen konpartsak, ERBUZEk (Elgoibarko Erraldoi, Buruhandi eta Zezenzikleten konpartsa). Hasiera batean dantzari anonimoak izatea pentsatu zuten, baina azkenean erraldoi berriei Haritz dantza taldeko bi dantzari historikoren aurpegia jartzea adostu zuten. Hortaz, Jon Lizarralde eta Arantza Aginako izango dira konpartsako erraldoi berriak, eta Errosariko Amaren Ezpata Dantzarako arropekin jantzi dituzte.
Aurrerantzean, Aszensio Altzola eta Katalina Ibarra erraldoiak Kultur Etxeko sarreran egongo dira, eta bi dantzariak Aita Agirre kulturguneko beheko solairuan. Erregea eta erregina erretiratu egin dituzte, zahartuta zeudelako.
Mikel Ibarzabal Beitia bergararrak egin ditu erraldoiak, Mauxitxaren buruhandia eta Tartalo, Mari, Basajaun eta Basandere buruhandi berriak egin zituen artisau berak. Gaur ekarri ditu Elgoibarrera bi dantzarien erraldoiak eta muntatu eta jantzi ostean, aurrerantzean izango duten lekuan, Aita Agirreko sarreran, ipini ditu. Handik gutxira ikusi dituzte estreinakoz euren irudira egindako erraldoiak Jon Lizarraldek eta Arantza Aginakok.
Udalak 11.660 euro inbertitu ditu bi erraldoi berriok sortzeko. Datorren barikuan, uztailaren 21ean, erraldoi berrien aurkezpen ofiziala egingo dute Kalegoen plazan, 18:30ean.
Dokumentuaren akzioak