Dokumentuaren akzioak
Bi eguneko greba digitala
«Zer gertatuko litzateke aktorerik, idazlerik, dantzaririk, musikaririk, margolaririk ez balego?». Koronabirusaren hedapenari aurre egiteko hartutako neurrien ondorioz, Euskal Herriko kulturgintza egoera larrian dagoela ikusi, eta apirilaren 21ean eta 22an greba digitala egiteko deia zabaldu dute 550 kulturgilek baino gehiagok. Bi egun osoz ez dute Interneten kultur edukirik partekatuko, eta sektorearentzako neurri espezifikoak hartzeko deia egin diete erakunde publikoei. www.kulturgintzan.eus orrialdean zabaldu dute euren analisia, eta bertan topa daiteke deialdiarekin bat egiteko bidea ere. «Desagertu egingo gara, oihala beheratuko dugu eta sareetan zein hedabideetan ez dugu inongo ekimenik egingo, ez dugu zuzeneko edo grabatuko emanaldirik ez eskainiko ez partekatuko. Oihala beheratuko dugu eta gure ahotsa isilduko dugu, entzun gaitzazuen».
Izen aski ezagunak daude itzalaldirako deitzaileen zerrendan. Sinatzaileen artean dira, besteak beste, Maialen Lujanbio, Iraia Elias, Ruper Ordorika, Eider Rodriguez, Gorka Urbizu eta Fermin Muguruza, baina luzea da izen-deitura segida, eta hamaika diziplinatako profesionalek osatzen dute, gainera: bertsolariak, musikariak, idazleak, aktoreak, arte hezitzaileak, artistak, aktore elkarteak, dantza taldeak, kultur kudeatzaileak, dantzariak eta kultur aretoak. Eta egunez egun handituz doa zerrenda, gainera.
Funtsean, kultura ulertzeko modua aldatzeko eskaria egiten du grebarako deia zabaltzeko testuak, baina egungo egoerari dagozkion eskariak ere badakartza. Deitzaileek gogoratzen dutenez, itxialdiak bertan behera utzi ditu hilabete honetarako programatutako ehunka kultur ekitaldi, eta horrek kulturgileei eragin dien kaltea nabarmendu dute. «Lehendik kulturgileen, sortzaileen zein artisten egoera nahiko prekarioa bazen, jazoera berri honek larrialdia areagotzea ekarri du». Horregatik, neurriak eskatu dizkiete erakundeei.
Batzorde iraunkor bat
Euskal Herri osoko erakunde publiko guztiei eskatu diete kalteei premiaz erantzuteko. «Euskal Hirigune Elkargoari, Nafarroako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari, foru aldundiei, udalei eta bestelako erakundeei». Unean uneko larrialdiaz harago ere jo nahi dute, ordea, eta epe ertain-luzerako «bestelako proposamenak» ere plazaratzeko deia egin diete.
Deialdian onartu dutenez, itxialdiak behartuta egin dute deialdi digitala grebalariek, baina asmoa azaldu dute konfinamendua amaitu ostean ekinaldi «eraginkorragoak» egiteko. Greba deitzaileen ustez «neurri koiunturalak» ez baitira aski kalteei erantzuteko. «Paradigma, eredua, patroia da errotik eraldatu nahi duguna».
«Batzorde tekniko iraunkor bat» eratzeko proposamena dakar, adibidez, testuak. Deitzaileek elkarrekin eserita eta parez pare irudikatzen dituzte mahai horretan hala kulturgileak nola erakunde publikoetako ordezkariak ere. Denak maila berean. «Erakunde publikoetan arduretan dauden alderdi politikoek euren burua kulturgintzaren ekosistematik kanpo kokatzen jarraituko dute inork aitortu ez dien gidaritzan, edo gure parean eseriko dira proposatzen diegun mahai tekniko iraunkorrean guztion artean erabaki dezagun zer den estrategikoa euskal kulturgintzarentzat eta zein neurri hartu behar ditugun helburu estrategiko horiek erdiesteko?».
Euskal Herriko «kulturgintzaren ekosistema» ere aktibatu nahi dute deitzaileek, eta, itxialdia bukatzean, topaketa batera deitu dituzte eragile guztiak. «Gabezia eta premia larriei aurre egiteko zer egin proposatu, eztabaidatu, adostu eta gauzatzeko».
Gogoetarako deia
Oraingoz, udal gutxi batzuek bakarrik onartu dute deitzaileen proposamena. Eta ordezkari politikoek kultura «soilik entretenimendurako jarduera edo sektore gisa» hartzen dutelako gertatzen da hori deitzaileen ustez.
Itxialdian ere kulturgileek emanaldiak eskaintzen jarraitzen dutela gogoratu dute, bestalde, baina debaldekoak direla sortutako emanaldi horiek, eta, horregatik, sortzaileen «eskuzabaltasun» horren trukean, kulturaren balio sozialari buruzko hausnarketa egiteko eskatu diote gizarteari. Kultura entretenimendua baino gehiago delako, greba deialdirako idatzitako testuan zehazten denez. «Kultur esperientziek eta kultur imajinarioek munduan leku bat egiten laguntzen digute, barne mundua elikatzen digute, zentzuaren eraikuntzan laguntzen digute, geure buruaren eraikuntzan laguntzen digute, baita mundua ulertzen ere, trukea sustatzen dute, jolaserako espazioa sortzen dute, arakatzera gonbidatzen gaituzte, eta batez ere, komunitate bateko kide sentiarazten gaituzte. Hizkuntzak egiten gaitu pertsona, kulturak herritar».
Dokumentuaren akzioak