Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Betiko erritmoak

Dokumentuaren akzioak

Betiko erritmoak

75. Musika Hamabostaldia

Koreografoak: Victor Ullate eta Eduardo Lao. Eguna: Abuztuak 29.
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2014/08/31
Lotura
Berria

Emakume pila auditoriumean. Balleta ez dirudi gizonezkoentzat egina dagoenik; neskatoak, emakumeak, neskatilak eta andereak dantza jokoaz gozatzeko prest, gizonen bat bikotekide gisa, baina festa emakumeei zuzendua dagoela dirudi. Victor Ullate dantzari famatuak bere konpainiaren zilarrezko ezteiak ospatu ditu Musika Hamabostaldian eta duela aste dezente sarrerak amaituak dituela azaldu den ikuskizunak interes handia piztu du dantza zaleen artean. Jatorri ezberdinetako dantzari gazteak, fisikoki espresio handiko mugimenduak gauzatzeko gai direnak, esperientzia beren orkatiletan eta odol beroa beren arimetan.

Victor Ullate koreografoak burututako dantzetan erabilitako musika ez zen egun hain berezi baterako aproposa izan, betiko erritmoak erabili zituelako; hara hor Maurice Ravelen Boleroa, Ludwig van Beethovenen Ilargi zuria edota azken honen 7. Sinfoniako Allegretto ospetsua. Hiru musika obrek badute amankomunean Ullateri asko gustatu zaion ezaugarri bat: erritmo errepikakorra, beti bueltaka dabilena, astuna eta pisutsua. Dantzariak solte agertu arren, monotonia horretatik ez ziren guztiz aske sentitu, nahiz eta era guztietako mugimendu ariketak egin. Aldiz, bere ikasle nabarmena den Eduardo Lao dantzariak Hiru deituriko atalean Beethovenen biolontxelo eta biolinerako sonaten pasarterik makal eta berezienak hautatu zituen, erritmoa iltzatu gabe, hiru dantzarien amodio kontaketari osagai zoragarria gaineratuz.

Argiztapen eta eszena diseinua bikain aukeratuak izan ziren, Ravelen musikarako Parisko kabaret antzeko bat azalduz tresneria gutxirekin, erraz, apaindura gehiegirik gabe baina erabilkor. Horretan ikuskizuna guztiz sineskorra izan zen, dantzarien dohainak erakusteko hobe ezina. Nahiz eta Ullateren planteamenduak erritmo ostinato kutsakor baten sarean harrapatu, konpainia osasuntsu dabil, ikusleak indar handiko dantzarien fidagarritasun ikusgarriaz gozatzeko aukera izanez.

Dokumentuaren akzioak