Besta Batzordea izaten da Igantziko bestetako egitaraua antolatzeaz arduratzen dena. Herriko elkarte denak biltzen dira batzordean: Igantziko dantzariak, konpartsa, txistulariak, Biltoki, Baratzondo, Abeluaiz eta Guraso elkarteak eta Igantziko Udala. Maiatz hondarrean hasi ziren biltzen. «Duela urte batzuk sanferminen hurrengo astean biltzen ginen lehenengoz, baina denboraz nahiko justu ibiltzen ginen batez ere txarangak eta kontzertuak lotzeko».
Antolaketa epea luzatuta, berriz, aise hobe moldatzen dira orain. «Besta Batzordeko lehenengo bileran aitzineko urteko programa hartu eta balorazioa egiten dugu, eta kontzertuak eta pentsatzen hasten gara».Urteroko ekitaldi finkoak ere izaten dituzte, «meza, dantzak...», baina lan handirik ez dute izaten horiekin beti egun eta ordu berbera izaten baitituzte.
Besta eta lana uztartuta
Bertze herri aunitzetan bezala, bestetan gehien kostatzen zaiena, ordea, herritarrak lanerako lotzea izaten da. «Jendeak ekitaldi batzuetan parte hartzen du, baina, laguntzea kostatzen zaie». Esplikatu du gauza ttikiak izaten direla, pilota partidak direnean frontoitik eszenatokia kentzea, adibidez. «Tontakeriak izaten dira baina horietako ere jendea behar izaten da eta lautik hirutan berberak izaten gara lanean aritzen garenak».
«Laguntza behar delarik eta eskatuz gero, jendea animatzen da. Borondatez egite hori ez da aunitzetan izaten»
Bereziak dira Igantziko bestak Txoperenarentzat, eta gustuko ekitaldiak aukeratzekoan ez du zalantza handirik izan: txupinazoa, betizuak eta herri bazkariaren eguna. «Duela urte batzuk betizuak larunbat arratsean ere jartzen hasi ginen eta jende aldetik aunitz nabaritu dugu. Jende aunitz biltzen du betizuen kontuak». Ttikia nintzeneko oroitzapenetan ere horixe du iltzatua, betizuetan herriko gazteek egiten zuten ikuskizuna. Gainera bestak irailean izateak ere xarma berezia ematen diotelakoan dago: «Herrietako bestak bukatzen dira, uda pasatuta jendea eskolara itzuli da... Jendea gogoz etortzen da besta egitera».
Igantzira joan nahi duenak, gainera bestarako aukera zabalagoa izanen du aurten bestak lau egunekoak beharrean bortzekoak izanen baitira «Noizbait egin izan dira bortz egunekoak», oroitarazi du Txoperenak. Aurtengoan asmoa lau egunera mugatzen zen, baina «txupinazoa larunbat eguerdian egitea pentsatu genuen eguna aprobetxatzeko. Ortziralerako ere gauzak antolatzen hasi ginen, eta azkenerako bestak ortziralean hastea erabaki genuen».
Besta giroa aitzineko egunetan ere
Besten atarian, eta Berrizaungo bestak pasatuta, herrian bestarako giroa sumatzen da. «Ostatuetara edariaren eskariak ailegatzen dira, gazteak txosna muntatzen aritzen gara, dantzako entseguak geroz eta maizago izaten ditugu... Horrek bizkortzen du jendea besta girora!».
Izan ere, Txoperena hitzetan, herri parte hartzailea izaten da Igantzi, nahiz eta ñabarduraren bat ere egin duen: «Laguntza behar delarik eta eskatuz gero, jendea animatzen da. Borondatez egite hori ez da aunitzetan izaten».
Besterako prest, baina bertzelakoan, triste samar ikusten du Txoperenak herria, batez ere bertan gelditu eta etxea lortzea «erraza» ez delako. «Jende gehiena kanpora doa, ez dagoelako aukera handirik hemen gelditzeko, eta dauden aukera horiek diru aldetik garestiak direlako». Egoerari buelta emateko zerbait egin beharko litzatekeela uste du, «pisuak, babes ofizialeko etxebizitzak...».
Etorkizuneko erronkak alde batera, utzi, eta bortz egunez zapi berdea lepoan lotu eta karrikak egotek egunak izanen dira igantziarrentzat: «Gainera, sanmigeletako uda txikia izaten dugu normalean, eta besta politak izaten dira».