Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Beste aukera bat tximeleta dantzarientzat

Dokumentuaren akzioak

Beste aukera bat tximeleta dantzarientzat

Ballet Biarritz Junior dantza konpainiak bigarren deialdia egin du dantzari gazteei hezkuntza profesionala eskaintzeko

Egilea
Oier Araolaza
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2006/04/21

Ekainaren 4an egingo dute audizioa, Donostian, Egia kultur etxean. 18 eta 22 urte bitarteko dantzari gazteentzako deialdia da, eta helburua, dantzari gazteei hezkuntza profesional batera iristeko aukera eskaintzea. Sei hilabeteko iraupena izan du konpainia gaztearen lehen ikasturteak, eta bigarrenak bikoiztu egingo du, 12 hilabetez arituko baitira bertan dantzari ikasleak. Ikasleen baldintzak hobetzeko ahaleginetan ari direla dio Filgi Claveriek. «Lehen promozioan ikasleek ez dute ordaindu eta ez zuten kobratzen. Kobratzen zuten zerbait sinbolikoki funtzio bakoitzean. Oraingoan, ez dugu ziurtatua, baina saiatuko gara behar dutenei beka bat ematen». Ikasturteak iraun bitartean Donostian egoteak eragin ditzakeen gastuak ordaintzen laguntzea litzateke bekaren helburua.Ballet Biarritzek Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin jarri zuen martxan Donostian dantza sustatzeko gunea, 2000n. Gune horretan jaio zen, iaz, prestakuntzara zuzendutako konpainia gaztea. Astelehenetik ostiralera, 09:30etik 16:00ak arte jardungo dute ikasten dantzari gazteek. Gogor egin beharko dute lan, 2007ko urtarriletik aurrera jendaurreko emanaldiak eskaintzen hasiko baitira dantzariak.

Hegoaldean sustraitu

Urtebete horretan dantza hezkuntza osatua jasoko dute dantzari gazteek. Dantza klasiko eta garaikideko klaseak, inprobisazio tailerrak, mugimenduaren azterketa, dantzaren historia, argiztatzea, orientabide profesionala eta abar ikasiko dituzte. Thierry Malandain Ballet Biarritzeko zuzendariaren koreografietako batzuk ikasteaz gain, dantza estetika desberdinak ikasteko koreografo gonbidatuekin lan egiteko aukera izango dute. Hegoaldeko koreografo garaikide bat sorkuntza bat egitera gonbidatuko dute. «Gazte konpainia hegoaldean sustraitu nahi dugu», dio Claveriek.Orain bi aste bukatu berri da konpainia gaztearen lehen ekinaldia eta esperientziarekin gustura daudela adierazi digu BBJko aholkulariak. «Esperientzia bat zen. Ez genekien gai izango ote ginen egiteko, ez genekien dantzariak aurkituko genituen. Eta bai. Dantzariak izan dira eta lortu ditugu helburuak». Ekimenak harrera ona izan duen seinale da programatzaileengandik izan duen eskaera. «Oso ondo erantzun dute, bereziki hegoaldekoek. Hogei funtzio antolatu ditugu hilabetez, eta oso seinale ona da. Erakunde publikoek ere begi onez ikusi dute eta balorazio ona egiten dute gurekin». Ikasketa prozesuan parte hartutako dantzariei ere galdetu diete. «Dantzariek ikaragarrizko hobekuntza sentitu dute beretako, egunero-egunero lan egitea profesional mailan lan egitea da azken batean».Horrekin batera, bi hilabetean antzokietan 20 emanaldi eskaintzeak emandako eskarmentuak osatu du dantzarien prestakuntza, Filgi Claveriren iritziz. «Ez zuten sekula hainbeste funtzio egin antzokian, eta hor ikasten duzu zure profesioa; antzoki guztiak desberdinak dira eta berrantolatu behar duzu zure koreografia, nondik sartu, nola moldatu. Hor ikasi dute profesioa. Profesional bilakatzeko prest dira».

Punta eske

Dantzari gazteen eskaera batek harritu ditu baleteko kudeatzaileak. Puntak erabiltzen trebatzea eskatu dute. «Pentsatzen genuen puntak utziak zirela dantzan. Baina usu, audizio bat egiten dutelarik, puntekin eskatzen diete audizioa, eta guk baztertua genuen, baina bigarren aldian sartuko dugu». Lehen ekinaldiko ikasleak hasi dira dagoeneko dantzaren munduan profesionalki lan egin ahal izateko saioak egiten. Horretarako prestakuntza jaso dute, eta orain badakite zer den dantzari profesional izatea. «Orain beraiek erabaki dezakete profesionalak izan nahi duten ala ez; prest daude audizioetan parte hartzeko». Eta horretan ari dira gehienak. Suitzan izan dira batzuk eta gustura. Berriz deituak izateko itxaropenarekin itzuli dira. Hamabi neskak osatu dute Ballet Biarritz Juniorren lehen promozioa. Bigarren ekinaldian mutilak ere izango diren itxaropena du Filgi Claveriek.

Dokumentuaren akzioak