Dokumentuaren akzioak
Bertsolarien lekuan dantzariak jarrita
Bertso saio baten egitura formala du Haatik dantza konpainiaren 'Errimak oinetan' ikuskizunak
Ikuskizunak bertso saio baten egitura formala du
—hasierako agurrak, bakarkako nahiz binakako askotariko saioak eta azken
agurra—, baina oholtza gaineko artistak, bertsolariak barik, isilik
dauden dantzariak dira; dantzan ari direnak une batzuetan, aulkian
eserita zain beste batzuetan. Ikuskizunari ezarri dioten azpi-izenburuak
zehaztasunez azaltzen du obraren eskaintza: Dantza berriak bertsoei jarriak.
Entzuten
diren bertso guztiak grabatuta daude. Bertso sorta ezagunak dira
batzuk, eta musikatuta entzuten dira —Mikel Urdangarin, Katamalo, Aitor
eta Jon Sarasua, Gu ta Gutarrak, Maddalen Arzallus eta Miren Amurizaren
eskutik—. Beste batzuk, berriz, Sustrai Colinak ikuskizunerako
beren-beregi sortuak dira; horiek Olatz Prat, Eñaut Agirre, Maddalen
Arzallus eta Saroi Jauregiren ahotsetan entzuten dira.
Irratian
dantzari batzuei egindako elkarrizketa entzutean otu zitzaion ideia
Unai Elizasu gai-jartzaileari, duela urtebete inguru. «Oholtza gainetik
adierazi nahi zutena publikoari transmititzean izaten zituzten
zailtasunei buruz hitz egin zuten. Gu ere, bertso saioetako plazetan,
beste modu batera bada ere, horretan ahalegintzen garenez, publikoari
sentiarazten, Aiert Beobide eta Onintza Odriozola dantzariei deitu eta
galdera hau planteatzea pentsatu nuen: 'Bertsolariak entzuleengan
horrenbeste sentimendu eta sentsazio sortzeko gauza baldin badira
entzuleengan, entzule hori dantzaria baldin bada, nola tramsmitituko
luke bertsolariei jasotako horretatik? Posible izango ote litzateke
emanaldi batean dena gorpuztea?».
Konpainiaren estreinako lana
Beobide
eta Odriozolarengana «une egokian» jo zuen Elizasuk, Beobidek dioenez,
Haatik konpainia sortu berriarentzako proiektuen bila zebiltzalako
orduantxe. «Iruditu zitzaigun ez zela lan erraza izango, baina
interesgarria izango zela». Elizasuk eta Beobidek zuzendu dute
ikuskizuna, eta Beobide da zuzendari artistikoa.
Leioako estreinaldiaren ondotik, Ondarroako Kafe Antzokian eta Azpeitiko San Agustin kulturgunean emango du Errimak oinetan
Haatik konpainiak, ekainaren 17an eta uztailaren 1ean hurrenez hurren.
Lehen emanaldiak antzoki handi samarretan izango badira ere, obra
bestelako lekuetan ere eman daitekeela dioten Haatikeko kideek; «bertso
saioak egiten diren bezala», Elizasuk zehaztu duen moduan.
Gaur, Fredi Paiaren 'Hartu ez nuen deia'-ren irakurketa dramatizatua
Haatik konpainiaren Errimak oinetan ikuskizunaren estreinaldiaren aurretik, beste estreinaldi bat izango da Kultur Maratila aste kulturalkaren barruan: Fredi Paiaren Hartu ez nuen deia antzerki lanaren irakurketa dramatizatuarena, gaur, 20:30ean, Leioako Kulturleioan. Ramon Agirre, Ander Lipus, Ana Elordi eta Ane Pikaza aktoreek egingo dute, Mixel Etxekopar musikariaren laguntzaz, eta ondoren solsaladia izango da; gero, 22:00etan hasita, Mursegoren emanaldia. Gure bide galduak, Txori mugariak eta Larria, kutsakorra, mendebaldekoa-ren emanaldiak izango dira bihar eta etzi Kultur Maratilan.
Aurrean, Unai Elizasu. Atzean, Onintza Odriozola, Aiert Beobide eta Gotzon Poza. / JON URBE / ARGAZKI PRESS
Dokumentuaren akzioak