Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Berrizko erromeria nazionalak plazako dantzak berreskuratu nahi ditu

Dokumentuaren akzioak

Berrizko erromeria nazionalak plazako dantzak berreskuratu nahi ditu

Ekainaren 26an, larunbata, izango da jaialdia, 11.00etatik gauerdia arte Jalgi Hadi Dantzara-ren hurrengo edizioa Amurrion izango da, 2006. urtean

Komunikabidea
Gara
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2004/06/19

Jalgi Hadi Dantzara jaialdiaren bigarren edizioa Berrizen egingo dute ekainaren 26an. Goizeko hamaiketan hasi eta gaueko ordu batean amaituko da. Egitarauan berebiziko garrantzia izango dute Euskal Herriko herri dantzek, fandangoak eta arin-arinak, besteak beste. Antolatzaileen esanetan, bigarren edizio horretan erromeriaren helburuek berberak izaten jarraitzen dute: «Plazako erromeria eta sokadantza ez galtzea eta ez ahaztea, eta jendea dantzara gonbidatzea».

Jalgi Hadi Dantzara ekitaldiaren antolatzaileak kezkatzen hasi ziren orain dela urte batzuk euskal kulturaren ondasun gisa ulertutako dantzak antzina izandako garrantzia galtzen ari zirelako gazteen artean. «Badira urte batzuk ikusi genuela plazan ez zela dantzarik egiten. Bada Euskal Herrian topiko bat herri oso dantzaria garela dioena. Baina azkenengo belaunaldietan hori ez da hala izaten ari. Galtzen ari zen zer edo zer berreskuratu behar genuela ulertu genuen», azaldu zuen Jose Juan Ugaldek.



Antolatzaileek kontraesana ikusten zuten azken urteetan dantza txapelketek indarra hartu dutelako eta plazako dantzak, berriz, desagertzeko prozesuan zeudelako. Arazo horri aurre egiteko Jalgi Hadi Dantzara jaialdia sortzea beharrezkoa zela pentsatu zuten. «Herri handietara jo behar genuen ahalik eta oihartzun handiena lortzeko. Hori dela-eta, lehen pausoak Errenterian eman genituen. Gero, izena aldatu eta, leku ezberdinetan, bi urtean behin egitea erabaki genuen. Lehenengoa Bergaran egin genuen, aurten Berrizen egingo dugu, eta heldu den urtean Amurrion», adierazi zuen Jose Juan Ugaldek.



Goizetik gauerdia arte

I.F.



BILBO



Jalgi Hadi Dantzara jaialdiaren aurtengo egitarauko ekitaldiak ekainaren 26an, larunbatarekin, egingo dituzte. 11.00etan, Elizondo plazatik Olakuetara joango den kalejirak zabalduko du jaialdia. Han, 12.30ean, ordu bateko dantza ikuskizuna egingo dute. 14.30ean, jendea gosetuta egongo dela pentsatuta, kiroldegian herri bazkaria egingo dute. Arratsaldean, 18.30ean, erromeriak Elizondon jarraituko du, eta bertan, beste batzuen artean, Xabier Amurizak, Bizkaiko dultzaineroek, Durangaldeko txistulariek eta Tapia ta Leturia taldeak hartuko dute parte. 22.00etan, Ene Bada taldearen dantzaldiak amaituko du jaialdia.

Dokumentuaren akzioak