Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Berrikuntzaz betetako Maitaldi arrakastatsua

Dokumentuaren akzioak

Berrikuntzaz betetako Maitaldi arrakastatsua

Aurreko urtean baino ikusle gehiago erakarri du aurten dantza jaialdiak

Komunikabidea
Gara
Tokia
Biarritz
Mota
Albistea
Data
2005/09/20

Biarritz baletak igandean hiriko portu zaharrean luxuzko emanaldia eginda bukatu zen aurtengo Maitaldia. Hotza izugarria bazen ere, bai dantzariak, baita ikusleak ere ongi prestatuak bertaratu ziren itsasertzera ikusgarriaz gozatzeko. 2.000 pertsona baino gehiago izan ziren Biarritzen “Les Creatures” ikusten.



Kanpoan eginiko ekitaldien artean azken hori izan zen jendetsuena, eta ikusleak ongi egin zuen hori profitatzen. Filgi Claverie zuzendariaren esanetan, horrelako ekitaldi handi bat ezin da urtero egin lau eguneko prestaketa baitu aitzinetik.



Kanpoan eginiko ekitaldiek 6.000 ikusle baino gehiago erakarri zituzten, eta eraikin itxietan egindakoek, 9.400 inguru. Irailaren 9tik 18a arte, Maitaldiko ikusgarrietan 15.500 ikusle inguru izan dira. Iazko kopuruekin konparatuta ­12.000 ikusle izan ziren­, aurten Biarritzera 3.000 lagun gehiago joan dira.



Kopuru horiek jaialdian hirian izan zen giroa baietsi zuten. Maitaldiko antolatzaileek ikuslearekin izandako elkargune oso aberasgarria izan dela baieztatu zuten. Antolatzaileentzat bezala artistentzat ere ikusleengana hurbiltzeko jaialdiak parada aproposa eskaintzen duela esan zuten.



Programazioari dagokionez, Claveriek baieztatu zuen egun hauetan baiesteko eta etsipenerako mementoak izan direla. Espero zena egin duten dantza konpainien artean jaialdia ireki zuen Aterballetto aipatu zuen jaialdiko zuzendariak. Piramid eta Nacho Duatoren eta Damian Muñozen konpainiak ere aipatu zituen. Euskal Herriko Elirale eta Maritzuliren azken lanak ere ontzat jo zituzten Maitaldiko antolatzaileek. Desengainuen artean, Bartzelonako Azzopardik eta Teresa Nietoren konpainia aipatu zituzten; izan ere, ez zuten beraiengandik espero zutena eman.



Etorkizunari begira, jaialdia hamar egunez antolatzen jarraitzea pentsatu dute; izan ere, positiboa izan dela ikusi dute. Konpainien jatorriaren inguruan, Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako jendea ekartzen jarraituko dute antolatzaileek, betiere jaialdiko ezaugarri den eklektizismoa aintzat hartuta.

Dokumentuaren akzioak