Dokumentuaren akzioak
Berezietan bereziena
Murixkaren soka dantza bereziak dantzari eta ikusle ugari bildu zituen larunbat gauean Gurutze Santuaren plazan, suaren inguruan
Dantzara ez ezik, ikustera ere jende ugari
bildu zen plazan. Asko eta asko ordua baino dezente lehenago tokia
ederki hartuta zuten hesien inguruan. Batzuek, plazan bertan ikusi
zuten; beste batzuk, berriz, udaletxearen bi aldeetako balkoietan eta
eskaileratan jarri ziren. «Oso ondo irten zen guztia. Jendeak txalo
ugari egin zuen, eta benetan eskertzen diegu gerturatutako guztiei»,
adierazi dute Murixka dantza taldekoek.
Udaletxeko kanpaiak 22:00ak jotzen ari zirela iritsi ziren dantzariak Donibane kaletik barrena, ilaran. 32 gizonezkoak aurretik, eta 40 emakumezkoak atzetik zirela iritsi ziren, ohi bezala, txistularien doinupean. Joxe Juan Ugalde, Lurdes Esnaola, Patxi Larrea, Maixabel Oroz, Aitor Sarasola... izan ziren soka dantzan parte hartu zutenetako batzuk. Izan ere, inoiz baino jendetsuagoa izan baitzen parte-hartzeari dagokionez; 80 pertsona inguruk dantzatu zuten. «Aurretik egindako entseguetan ez ziren horrenbeste dantzari bildu, baina eguna iristear zela, gero eta gehiago heldu ziren, eta dantzatzeko gogoz gainera», zehaztu dute dantza taldekoek.
Une hunkigarriak ere izan ziren, baina hunkigarriena sua piztean etorri zen. Sua piztearekin batera, plazak beste kolore bat hartu baitzuen. Soka dantza bukatzean dantzariak Aizpea ostatura joan ziren luntxa egitera.
Dena den, herriko dantza taldearen 50. urteurrena ospatzeko ekitaldiak ez ziren San Joan Suarekin batera desagertu: ikasturte bukaerako emanaldia eskainiko dute kiroldegian,etzidamu, 22:30ean. Azarorako, berriz, jaialdi handia prestatu dute Murixkako dantzariek. "
Dokumentuaren akzioak