Lucia Lacarra eta Matthew Golding dantzariek In the still of the night ekoizpena aurkeztuko dute ekainaren 3an, Donostiako Kursaal auditorioan. 2021ean Dormunden (Alemania) estreinatu zuten ikuskizun hau bi dantzariek, eta "betiereko maitasun istorio" gisa definitu dute. Hari esker, Max saria jaso zuen iaz Lacarrak, dantzako emakumezko interprete onenaren atalean. 20:00etan izango da emanaldia, eta sarrerak salgai daude dagoeneko.
Ikuskizun honen aurkezpenean bere asmoen berri eman zuen atzo dantzari zumaiarrak. Horien artean da dantza konpainia propioa sortzea. Mundu osoan aritu da dantzatzen Lacarra eta orain hiruzpalau urte itzuli zen bere jaioterrira.
Sortu nahi duen ballet konpainia hau Gipuzkoan kokatu nahi du, eta, atzo adierazi zuenez, bertako dantzariekin osatu nahi du, bai bere proiektuak aurrera ateratzeko, bai arte eszenikoei oro har bultzada bat emateko. Izan ere, bere esanetan, bera atzerrira joan zenetik euskal dantzarien egoera ez da askorik hobetu.