Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Berdintasunerantz pauso bat Luzaideko dantzetan

Dokumentuaren akzioak

Berdintasunerantz pauso bat Luzaideko dantzetan

Egilea
Amaia Txintxurreta Guridi
Komunikabidea
Goiena
Mota
Albistea
Data
2022/02/25
Lotura
Goiena
2017an Luzaideko dantzen erakustaldia egin zuten Errementari plazan; aurten ere ibilbidean sartuko da.

Domekan Oñatzekoek eskainiko duten dantzen errepertorio osoa neskek eta mutilek dantzatuko dute aurten, estreinakoz. 18:00etan abiatuko dira kiroldegi paretik eta ibilbidean ez da aldaketarik izango; amaiera Foruen plazan egingo dute. Aurretik, baina, bihar ospatuko dituzte Oñatiko Inauteriak; 10:30ean abiatuko da Eltziatik eta 14:00etan Foruen Enparantzan emango diote amaiera.

Nafarroa Behereko Luzaide herrian Bolanteen Eguna ospatzen dute, eta egun horretan egiten dituzten zenbait dantza ekarriko dituzte, beste behin, herrira Oñatzeko dantzariek, txistularien eta soinu joleen musikaren doinuekin lagunduta.

Luzaideko dantzen bereizgarritasunetako bat dantzariek eramaten dituzten arropak izaten dira. "Neskenek, esaterako, asko pisatzen dute. Entsegurik ez dugu egiten horiek jantzita, baina dagoeneko badaramatzagu hiru bat aste domekan eramango ditugun takoiekin entseatzen, asko aldatzen da-eta dantza egiteko modua edota norberaren sentsazioa", azaldu du Oñatzeko Intza Osak.

Neskak, dantza guztietan

Orain artean mutilek bakarrik dantzatu izan dituzten Bolant dantza eta Sorginak eta euskaldunak kantuetan, gainera, emakumezkoek lehen aldiz dantzatuko dute. "Corpusetako dantzekin emandako pausoaren ostean, lehen aldiz dantzatuko ditugu neskek eta mutilek Luzaideko dantza guztiak. Azken dantza izaten da, eta nahiko zorrotza, gainera. Begi asko egongo dira, eta ea nola irteten den", azaldu du Osak.

Zapatuan, 210 dantzari

Kalez kale, askotariko pertsonaiez gain, 210 dantzari inguru irtengo dira zapatuan. "Larrialdi egoera zela-eta goizez bakarrik egingo genuela erabaki genuen. Baina argi genuen aurten inoiz baino zentzu handiagoa zuela Inauteriak ospatzeak, azken bi urteetan gertatutakoaren ostean, izurrite bat ekiditeko egiten den erritu bat delako. Bestetik, Oñatiko Inauteriak ospatuko ditugun hamargarren aldia izango da, nahiz eta guztiz ezin izango dugun borobildu", esan du Oñatiko Inauteriak taldeko Maite Irizarrek, baina guztia dagoeneko prest dutela gaineratu du.

Dokumentuaren akzioak