Dokumentuaren akzioak
Berdintasun saria Udaberriri
Udaberri Dantza Taldeak berri on eta pozgarria jaso zuen uztailean, Hondarribia Berdintasunaren Hiria sarian izendatu baitzuen Hondarribiko Jaizkibel Konpainia parekideak azken urteetan berdintasunari dagokionez, tradiziozko ekitaldietan emakumeen parte hartzea ahalbidetu duten elkarteen ibilbidea nabarmentzeko helburuarekin. Dantzari tolosarren kasua adibide garrantzitsu izan da izendapenean; izan ere, duela bi urte, 2013 urtean, emakumeek lehen aldiz hartu zuten parte San Joan eguneko bordon-dantzan, eta, geroztik, emakumea festetako ekitaldi nagusiaren parte da. Horrela, bada, orain gutxi Italiatik itzuli den dantza taldeak ostiralean jaso zuen saria Hondarribiko kultur etxean egin zen ekitaldi berezian, herriko jaiak hasi eta bete-betean.
Talde tolosarrarekin batera, Donostiako Kresala eta Zumarragako Irrintzi Taldeak ere saritu dira, eta eurek ere jaso zuten izendapena ostiralean. «Saria emakumeen parte hartzea festetan tradizioa aldatu gabe, gatazka handirik gabe eta erakundeen laguntzaz ahalbidetu duten ekintza positiboentzat da. Hiri eta esparru ezberdinetan, ekitaldien mamia aldatu gabe eta naturaltasunez, emakumeen parte hartzea lortu duten elkarte eta erakundeen izenean», azaldu zuen konpainiak,
Lehen aldiz ospatu den sariketako epaimahaikide izan dira Garbiñe Biurrun epailea, Maialen Lujanbio bertsolaria, Nieves Alza Txingudi Saskibaloi Elkarteko presidente izandakoa, Paul Rios bakearen eta giza eskubideen aldeko aktibista, Hondarribiko urrezko domina jaso zuena, eta Xabier Lapitz kazetaria. Ekitaldian, besteak beste, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak eta berdintasun arloko beste hainbat eragilek ere parte hartu zuten.
2015-2016 ikasturtea
Dantza taldearen ikasturte berria hastear dagoen honetan, hilaren 21ean hasiko da, eskuragarri daude jada talde eta ordutegi berrien zerrendak eta informazioa Udaberriren webgunean (www.udaberri.eus). Informazioa Igeralde kalean kokatzen den lokaleko atean ere jarriko da, eta, bestalde, izen-ematea ikasturte osoan zabalik mantenduko da.
Dokumentuaren akzioak