Dokumentuaren akzioak
Berdina bai, ez berbera
Atzo hasi ziren Berako Sanesteban bestak; urtero bezala, aparteko giroan, baina ezberdin
Mezaren ondotik, txistularien laguntzaz, Berako makil dantza eta pordondantza dantzatuko dituzte Gure Txokoa dantza taldeko kideek. Taldeak iaz 75 urte bete zituen, eta zahar nahiz gazteak bildu eta ekitaldi berezia eginez ospatu zuten. Bertsolarien txanda etorriko da gero. Eskarmentu eta itzal handiko bi bertsolari ariko dira Beran: Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso. Arratsaldean, Berako aurreskua dantzatuko dute Gure Txokoa dantza taldeko lagunek, eta Irats taldearen dantzaldia izanen da segidan.
Euskal errepresaliatu politikoekiko elkartasun kalejira ere izanen da, Mukixu zubitik Altzatera, eta ondoren, senitartekoen omenaldi-elkarretaratzea eginen dute Altzateko plazan. Jarraian, 21:00etan, herri dantzek beteko dute Altzateko karrika, Ezpelur gaiteroen laguntzaz. Gaua su festak argituko du, eta gaurko egitaraua Irats taldearen dantzaldiak itxiko du. Hortik aurrera, egitaraurik gabeko bestak ez du etenik izango.
LEHIA ETA DANTZA. Biharko egunean, lehiak leku berezia beteko du Berako bestetan. Izan ere, goizeko 11:00etan Berako VI. Saria txirrindularitza proba abiatuko da. Ordu erdi geroago, berriz, Gure Txokoa elkarteak antolatuta, XX. Igeriketa Txapelketa izanen da haur eta gazteentzat. Eguerdian ohiko mastapuntakoa izanen dute, Beti-Alai txarangak alaiturik, eta arratsaldean ere lehiak ez du etenik izanen.
Berako ehiza eta arrantza elkarteak plater tiroketa antolatu du, Foso modalitatean. Parte-hartzea librea izanen da. 18:00etan, bestalde, pilotari profesionalen arteko partidak jokatuko dituzte Eztegara pilotalekuan. Ordu berean, Mamu txikiak ikuskizunaz gozatzeko parada izanen dute ttipiek Altzateko plazan.
19:30ean, ordea, Herriko Etxeko plazan migattuak ibiliko dira herriko neska-mutilen atzetik, nor harrapatuko. Maialen Lujanbio, Etxabe eta Julen Zelaieta bertso-lariek, berriz, bertso poteoa eginen dute 20:00etan, Errekaldetik hasita. Horiek ere, zer harrapatuko.
Baina dantzarako tartea ere izanen da bihar. Gaueko bederatzietan herri dantzak eginen dituzte Altzateko karrikan, eta gauerdian, berriz, Triki ta Ke taldeak dantzaldia eskainiko du Altzateko plazan.
Igandean, hilaren 5ean, ongi pasatzeko makina bat plan izango dute haurrek. Goizeko 10:30ean, herriko pilotarien arteko pilota partidak izanen dira ikusgai: benjaminak, kimuak, haurrak eta helduak ariko dira pilota jo eta jo. Bestalde, hamaiketatik ordu bata eta erdiak arte, puzgarriak jarriko dituzte kiroldegiaren aitzinean. Eguerdi partean, Ezpelur gaiteroen doinuez lagundurik, erraldoiak eta buruhandiak ibiliko dira batetik bestera.
Arratsaldean, berriz, haurrendako herri kirolak izanen dira, Zurgai herri kirol taldearen eskutik. Era askotako kirolak ezagutzeko parada izanen dute bertaratuko diren ttipiek: trontza, harri-jasotzea, zakuak, sokatira, ingudea, aizkora jokoa eta abar. Arratsa hurbildu ahala, beste ekitaldi batzuk izanen dira Beran: zesta-punta amerikar kinielak, mastapuntakoa Illekuetan, kalejira Mac Jeara's taldearekin, migattuak eta herri dantzak.
Gauean zezensuzkoen zalapartak hartuko du gaua, eta gauerdian iritsiko dira doinurik gogorrenak: Altzateko plazan kontzertua emango dute Naizroxa, Tabula eta Himen taldeek.
ASTELEHENA, AZKEN EGUNA. Eta, hala, besten akabera iritsiko da astelehenarekin. Goizean, plater tiroketa izanen da, ehiza ibilaldia modalitatean, beratarrentzat. Ondotik txistor jatea emanen dute denentzat. Eguerdian askatuko dituzte migattuak, eta herri bazkarian jendetza bilduko da, ziur, Altzateko frontoian.
18:00etan apar besta eginen dute Altzateko karrikan, eta
19:00etan, kale animazioa ijito musika egiten duen Kroko taldearen
eskutik. Herri dantzak ere ez dira faltako, ezta zezensuzkoa ere, eta
azkenik, Jalisco taldearen dantzaldiak itxiko ditu Berako Sanesteban
bestak. Ziurtatua dago jai giroa, beti berdina izan arren, inoiz ez
baita bera.
Gaur
09:30. Herriko txistularien argisoinua, eta Ezpelur gaiteroak herriko kaleetan.
09:30. Meza nagusia. Ondotik, makil dantza eta pordondantza, eta horren segidan, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolarien saioa.
17:00. Ezpelur gaiteroak San Jose zahar etxean.
18:00. Berako aurreskua Herriko Etxeko enparantzan.
19:30. Dantzaldia Altzateko enparantzan, Irats taldearekin.
20:00. Euskal errepresaliatu politikoekiko elkartasun kalejira, Mukixu zubitik abiatuta.
21:00. Herri dantzak Altzateko karrikan.
Gauerdian. Su festa.
Bihar
18:00. Irats trikitilariak Dornakun eta Ezpelur gaiteoak Zalainen.
11:00. Berako VI. Saria txirrindularitza proba, kadeteen artekoa.
11:30. XX. Igeriketa Txapelketa haur eta gazteentzat Berako igerilekuan.
13:00. Mastapuntakoa.
16:00. Plater tiroketa, Foso eran.
18:00. Irats trikitilariak San Jose zahar etxean.
18:00. Pilotari profesionalen arteko partidak Eztegara pilotalekuan: Nagore-Gorriti / Aritz Lasa-Arretxe eskupilotan, eta Urriza-Urrutia / Uterga-San Miguel erremontean.
18:00. Mamu txikiak, haurrendako kale ikuskizuna. Ondoren, apar besta eta trikitilariak.
19:30. Migattuak Herriko Etxeko plazan.
20:00. Bertso poteoa Maialen Lujanbio, Etxabe eta Julen Zelaietarekin.
21:00. Herri dantzak Altzateko karrikan, Ezpelur Gaiteroekin.
Gauerdian. Triki ta Keren dantzaldia.
Etzi
10:30. Herriko pilotarien arteko pilota partidak.
11:00. Puzgarriak kiroldegiaren aitzinean.
12:30. Erraldoiak eta buruhandiak Agerran.
16:30. Haurrendako herri kirolak, Zurgai herri kirol taldearen eskutik.
18:00. Zesta-punta amerikar kinielak.
19:00. Kalejira MacJeara's taldearekin Illekuetatik hasita.
19:30. Migattuak Herriko Etxeko plazan.
21:00. Herri dantzak Altzateko karrikan. Ondotik, zezensuzkoa Altzateko karrikatik.
Gauerdian. Kontzertuak: Naizroxa (Pasai Donibane), Tabula (Bartzelona) eta Himen (Bera).
Etzidamu
10:30. Plater tiroketa, ehiza ibilaldia modalitatean, beratarrentzat. Ondotik, txistor jatea denentzat.
12:00. Migattuak.
12:00. Erraldoiak eta buruhandiak.
14:30. Herri bazkaria Altzateko frontoian.
18:00. Apar besta Altzateko karrikan.
19:00. Kale animazioa Kroko taldearekin.
21:00. Herri dantzak Altzateko karrikan, Ezpelur gaiteroekin. Ondotik, zezensuzkoa Altzateko karrikan.
Gauerdian. Dantzaldia Jalisco taldearekin.
Dokumentuaren akzioak