Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Beñat Urrutia Pujana: "Beti sortu digu kuriositatea ea nola eraiki ahal genuen euskal dantza garaikide bat"

Dokumentuaren akzioak

Beñat Urrutia Pujana: "Beti sortu digu kuriositatea ea nola eraiki ahal genuen euskal dantza garaikide bat"

Egilea
Nahia Martinez Gondra
Komunikabidea
Hiruka
Tokia
Sopela
Mota
Elkarrizketa
Data
2024/11/21
Lotura
Hiruka
Beñat Urrutia Pujana: "Beti sortu digu kuriositatea ea nola eraiki ahal genuen euskal dantza garaikide bat"
Urrutia euskal dantzen inguruko ikerketa teorikoa ere egiten dabil. © ETANOWSKI

Domeka honetan, azaroaren 24an, Enbata Urraska aurkezpen performatiboa taularatuko dute Larrabasterrako Auzoetxean, arrastiko 19:30ean. Bertan, tradiziozko pertsonaien pausoakaz eta ahotsakaz dantza garaikidea gorpuztuko dute, Enbata proiektuaren iruditegia ikuslegoarengana hurbiltzeko asmoz. Hala, Beñat Urrutia Pujanak domekako ekitaldiaren nondik norakoak azaldu ditu.

Zer kontatzen duzue Enbata Urraska emanaldian?

Enbata Urraska Enbata proiektua osoaren azalpen bat da. Kontatuko dugu zein den gure filosofia eta intentzioa: iraganeko pertsonaia folklorikoak gaur egunera ekarriko ditugu eta egungo problematikak jorratuko ditugu horiekin. Hala, hori egiteko gure sorkuntza prozesua nolakoa izan den ere azalduko dugu. Beraz, hitzaldi performatibo bat izango da, ez genuelako aurkezpena Powerpoint batekin egin nahi. Gainera, 7-8 eszena dantzatu egongo dira, baita azalpen osoa ere.

Antzezten ditugun gatazkak ez dira gaur egungoak bakarrik, antzinatik datozen kontuak dira, adibidez: emigrazioaren kontuak, euskaldunen eta erdaldunen arteko ezberdintasunak. Orduan, guk figura horiekin sortzen dugu komunitatetik kanpo bizi diren izakiak, ezin direnak domestikatu eta ez dakitenak komunitate baten barruan nola jokatu. Folkloreko pertsonaia horiek, oso exotikoak direnak, gatazkak oso modu argian erakusteko aukera ematen digute, distantzia bat hartzen dutelako.

© ETANOWSKI

Nolakoa izan da prozesua?

Enbata proiektuak bi urte ditu. Hasi ginen duo bat egiten esplotazioen inguruan: dantzaria eta eszena, pailazoen ideia batekin lotuta. Hau da, nola pailazoen sufrimendua jendeak barre egiteko erabiltzen duen. Konturatu ginen sortze-prozesu horretan iruditegiak harremana zuela euskal tradiziozko elementuekin. Lehenengo egonaldia Barakaldoko Dantza Labean egin genuen eta bertatik tiraka pertsonaiak interesgarriak izan zitezkeela ikusi genuen. Beste hainbat egonaldi egin ditugu, intentsiboena azkena izan da, Dantzagunean. Intuitiboki joan gara eraikitzen.

Prozesuaren beste hanka bat da euskal dantzen ikerketa. Ni ibili nintzen praktikak egiten dantza.eus-en, baita herriz herri zer dantza egiten dituzten aztertzen ibili naiz. Orain ere tesi bat egiten ari naiz horren inguruan: hau da, euskal dantza karlistadatik gaur egun arte nola joan den bilakatzen eta nola bilakarazi duten euskalduna izate hori. Beraz, badago lan teoriko oso potolo bat. Dantza garaikidetik gatozenez, bi mundu horiek uztartu ditugu.

© ETANOWSKI

Hasieran, Rafke eta biok geunden, gero, Ainhoa sartu zen eta bigarren fase horretan pertsonaiekin hasi ginen, eszena laburragoak egiten. Hasi ginen sortzen patrikako dantza-antzerki molde hori. Izan ere, helburuetako bat zen folklorea tabernatara, plazetara, frontoietara eta horrelako testuinguru ezberdinetara eramatea. Beranduago Manu musikaria sartu zen eta bertan atmosferak sortzen hasi ginen, kantu tradizionaletan oinarrituta ala ez hausnartuz. Kantutegi abiatzeko asmoa dugu etorkizunerako.

Beti sortu digu kuriositatea ea nola sortu ahal genuen euskal dantza garaikide bat. Ez izatea soilik euskal dantzetako eta garaikidetako konbinaketak soilak. Sortu nahi genuen benetan dantza garaikidetik pertsonaia horien jokamoldetik abiatzen diren joko eta keinu fisikoak.

Zer izan da zailena?

Egia esan prozesua oso ondo joan da. Egia da tximista baten moduan joan garela. Oso modu errazean joan gara eta ez da inolako sorkuntza zailtasunik egon. Lan-taldea topera egon da, oso ondo pasatu dut eta barre pilo bat egiten dut.

Konplexua sortzen diguna da nola helarazi hau jendeari. Nola saldu Enbata eta zer egin nahi dugun. Nola ahal dugun tradiziozko pertsonaia horien mugimendutik dantza garaikidea sortu, eta aldi berean, kontatu gaur egungo problematika bat. Zailena hori da, gure proiektua azaltzea. Horregatik sortu dugu Enbata Urraska emanaldi hau, modu ahalik eta irisgarrienean zer garen eta zer egin nahi dugun azaltzeko.

© ETANOWSKI

Nolako estetika daramazue?

Alde batetik, koreografikoki eta mugimendu aldetik estetika zehatz bat dago: dantza garaikide oso fisikoa da, antzerki fisikoa izan daitekeena. Ekintza zuzenak egiten dira eta denbora guztian gaude laprast egiten. Salto horietatik nola doan garatzen aztertzen dugu, mugimenduarekiko kontsistentzia hori. Autokonklusiboak diren istoria laburtxoak kontatzen ditugu eta bertan ere apustu estetiko eta dramaturgiko bat dago.

Jantziteria aldetik, hori lantzen ari gara momentu honetan.  Larrabasterrako Auzoetxean eta Lekunberrin egingo ditugun emanaldietarako oraindik ez dugu jantziteria definitiboa izango. Inauterietako figura batzuk ditugu, beltzez doazenak eta aurpegiak koloreztatuak daramatenak. Mono beltz eta jaka batzuk eramango ditugu, baina, momentuz, lanean jarraitzen dugu.

Ze pertsonaia antzezten dituzue, esaterako?

Enbata Urraskarako, azalpen emanaldirako, inauteri garaikide bat sortzen gabiltza. Oso jende gutxirekin, xumetxoa e. Figura nagusia da inauterietako eroa: ero batek edozer gauza egin dezake, ezkutuan dago eta bortizkeriatik mugitzen da. Guk hori inauterien erregearekin batzen dugu. Pertsonaia hori kapitalismoaren barruan oso modu zuzenean bizi da. Beste bat esplotatzean ez du pentsamendu txarrik izaten. Bertan ere, behargina dago, gatazka bat sortzeko bi pertsona horien artean. Bestetik hartza dago, izaki iletsu hori kolpaka doana eta beti soka batetik helduta. Ehiztari batek eraman beharrean, errege honek eramango du hartza, maskota gisa. Domestikazio fartsa bat egiten dugu bertan.

© ETANOWSKI

Zergatik joan domekan Enbata Urraska ikustera?

Enbata Urraska interesgarria da Enbata proiektu osoa ulertu ahal izateko. Pertsonaia hauek landu eta jakin nahi dugu nola erabili gaur egungo berriak kontatzeko. AHT nola ari diren egiten, aldaketa klimatikoko gauzak, etab. Orduan, Enbataren lehenengo pausoak dira hauek. Berri ezberdinez osatutako aldizkari bizi hau ulertzeko interesgarria da Enbata Urraska emanaldi hau.

Umorez egin ditugu eszena hauek, ez da oso solemnea. Aukera dago parte-hartzea sustatzeko eta ikuslegoarekin eztabaida sortzeko eszenan aurkeztutako galderekin. Toki txiki eta intimoetan egingo dugu, beraz, ez da ezer masiboa izango. Horregatik, espero dugu gozagarria izatea eta bereziki Enbataren iruditegira jendea hurbildu ahal izatea. Izugarrizko gogoak ditugu jende askorekin kolaboratzeko eta gure ateak irekitzeko datorren guztiari. Gainera, sorpresa txiki batzuk izango ditugu emanaldi bukaeran.

Dokumentuaren akzioak