Dokumentuaren akzioak
Luis Alberdi 'Beltza' gustura, asteburuko dantza jaialdiarekin
Dantza eskolak ematen 25 urte daramalatza-eta, emanaldi berezia eskaini zuten Izarraitz pilotalekuan
Aspalditik zeukan 'Beltza'k horrelako zerbait egiteko gogoa, eta eskola
ematen 25 urte bete dituenez, aitzakia polita izan du bere ikasle diren
dantzariak biltzeko. Urduritasunak alde batera utzi zituen, eta, guztia
pasa ondoren, gustura agertzen da emaitzarekin. «Orain oso lasai nago,
baina jaialdi egunean ez nengoen hain lasai. Gauzak nola atera diren
ikusita, ordea, oso gustura nago», dio 'Beltza'k.
Dantza pieza
asko ikusi ahal izan genituen eta adin guztietakoak. Gainera, egun
horretarako bereziki arropa berriak jantzita zeuden guztiak. «16 arropa
berri egin genituen mutilentzat eta 20 neskentzat. Bagenuen kezkarik
alde horretatik, baina asko luzitu zuten arropak eta gustura egoteko
beste arrazoietako bat da», dio Alberdik.
150 haur inguru ditu
dantza ikasten, eta ia denak izan ziren Izarraitz pilotalekuan. «Zortzi
edo hamar ume besterik ez ziren falta izan.», dio 'Beltza'k, pozik.
«Hankak
martxan» dituen bitartean, beste 25 urtean dantza erakusten jarraitzeko
asmoa duela dio Alberdik. Datorren urrira arte ikasleekin atseden
hartuko du, baina dantza txapelketak dituzte orain. Asteburuan bertan,
bi ikaslek, Nagore eta Iñigo Larrañagak, horietako bat irabazi dute
Irunen.
Bestalde, igandean saloiko dantzen erakustaldia izan
zen Azpeitia Dantzan ekimenaren barruan, eta han ere hartu zuen parte
'Beltza'. «Dantza egitea gustatzen zait eta saloikoekin ere atrebitu
naiz. Urrian hasi nintzen eta larunbatero entsaioak egin ohi ditugu,
oso gustura nabil».
Dokumentuaren akzioak