Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bederatzi gazte legazpiar, Gipuzkoako aurresku txapelketan

Dokumentuaren akzioak

Bederatzi gazte legazpiar, Gipuzkoako aurresku txapelketan

Igandean abiatuko da txapelketa, Legazpiko saioarekin. Sustraiak eta Korosti taldekoak dira parte hartuko duten dantzari legazpiarrak, Goierriko ordezkari bakarrak.
Egilea
Tere Madinabeitia
Komunikabidea
Goierriko Hitza
Tokia
Legazpi
Mota
Albistea
Data
2025/01/08
Lotura
Goierriko Hitza
Eider Carballo, Nora Escudero, Sara Escudero, Araitz Berasategi, Irune Azpeitia, txapelketan parte hartuko duten bederatzi dantzarietako bost.Sustraiak

Aurten ere Legazpin abiatuko da gazteen mailako gipuzkoar erako aurresku txapelketa, Sustraiak dantza taldearen eta udalaren eskutik. Igandeko 12:00etan hasiko da Latxartegi aretoan txapelketaren zazpigarren edizioa, eta azken urteetan bezala, hainbat herritar izango dira lehian, Sustraiak eta Korosti taldeetako bederatzi dantzari.

Sustraiak da txapelketaren antolatzaileetako bat, eta Legazpiko saiorako eta maiatzaren 17an jokatuko den finaletako baterako, udalaren laguntza izan du.

Legazpikoak dira Goierriko ordezkari bakarrak aurresku txapelketan. Ohi bezala, hiru sailetan daude banatuta dantzariak: A sailean, 7-10 urte bitartekoak sartzen dira, eta horretan Sara Escudero dago. B saila 11-14 urte bitartekoena da, eta hor Araitz Berasategi, Araitz Mantxola, June Osinalde, Nora Escudero eta Nora Lafuente daude. D sailean helduenak daude, 15-16 urtekoak, eta Legazpikoak Eider Carballo, Irune Azpeitia eta Jon Alberdi dira.

Legazpiko kanporaketa

Txapelketa ligaxka eran jokatuko da, eta igandean hasiko da, A eta B sailekoen lehen kanporaketarekin. Saio honetan ez du parte hartuko Araitz Berasategik, aurrerago hasiko duelako lehia, Lezon. Beraz, Latxartegin A saileko Sara Escudero eta B saileko Araitz Mantxola, June Osinalde, Nora Escudero eta Nora Lafuente arituko dira dantzan.

A saileko dantzariek Punta Motz eta Agurra dantzatu beharko dute, eta B sailekoek, Erribera eta Zortzikoa. Goiz Deia bandako txistulariek jarriko dute musika, eta epai lanetan Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko kideak arituko dira.

D saileko finala, Legazpin
D kategoriako txapelketa otsailaren 2an hasiko da, Lezon, eta amaitu, Legazpin, maiatzaren 17an. Bertan jokatuko da finala egun horretan.

Jon Alberdi, Amaia Azpeitia (irakaslea), June Osinalde, Nora Lafuente eta Idoia Narbaiza (irakaslea). Araitz Mantxola falta da.

Dokumentuaren akzioak