Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bihar iluntzean hasiko dira Bedaioko festak suziriarekin

Dokumentuaren akzioak

Bihar iluntzean hasiko dira Bedaioko festak suziriarekin

Egilea
Amaia Goikoietxea
Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Tolosa
Mota
Albistea
Data
2009/09/03

Eguraldi oso txukunik iragarrita ez dagoen arren, bihar iluntzean jende mordoska bilduko da Bedaion festei hasiera emateko. Iluntzeko 20:00etan botako dute suziria, eta segidan patata-tortila lehiaketa ospatuko da; Artubi elkarteak jarriko ditu patatak, arrau-tzak eta olioa, eta osagai estrak, piperra, tipula eta sua partehartzaile bakoitzaren kontura joango dira. Tortila usaina aski izango da ingurukoen gosea pizteko, eta zahagiardoan izango dute ahora mokadutxoa eramateko aukera. Afalostean, erromeria zaio Elustondo anai-arrebekin (dantza-suelto erakustaldia ikusi nahi duenak bihar Bedaiora inguratu besterik ez du), eta goizeko 4:00etan txokolatea eta bizkotxoa banatuko dira.

Larunbat arratsaldea ume jolasetarako garaia izango da, eta gauean herri afaria ospatuko da (bertan zozketa berezia egingo da). Afalostean, berriz ere erromeria ordu txikiak arte, oraingoan Ansorregi eta Larrañaga, eta Izer eta Alabier trikitilariekin; eta goizeko 4:30etan baratzuri-zopa denentzat nekeak ahaztu eta dantzan jarraitu ahal izateko (ez dago hori bezalako edari energetikorik).
Igande goizeko meza nagusiaren ondoren hamaiketakoa egingo dute bedaiotarrek, eta eguerdiko 13:00etan Bedaioko XX. Txirrindulari Igoera ospatuko da. Arratsaldeko 18:30etan Bedaioko Ingurutxoa dantzatuko da, eta ondoren herri kirol jaialdi aparta ikusi ahal izango da, zaletuen gozamenerako. Batetik, Aimar Irigoien marka berria ezartzen ahaleginduko da: 137,5 kiloko harri kubikoarekin hiru minutuko txanda batean. Bestetik, Angel Arrospide eta Donato Larretxea nor baino nor arituko dira aizkoran. Herri kirolen ondoren Jesus eta Etxeberritxoren trikiti doinuak entzungo dira Bedaioko pilotalekuan, eta gaueko 21:30etan afaria ospatuko da Artubi elkartean: mondejuak eta ardi gisadua.
Datorren asteartea ere festa eguna izango da Bedaion, baina hari dagozkionak bete-betea datorren asteburuaren ondoren kontatuko ditugu.

Dokumentuaren akzioak