Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Beasain dantzaz eta musikaz bete du Igartzako Dantzarien Kofradiak

Dokumentuaren akzioak

Beasain dantzaz eta musikaz bete du Igartzako Dantzarien Kofradiak

Kofradiako kideek 18. emanaldia egin dute gaur eguerdian Beasainen, bertako kaleak eta Igartza Monumento Multzoko inguruak euskal dantzaz eta doinuz beteta. 115 partaide inguru izan dira. Bazkarian elkartu dira guztiak ondoren, eta bazkalondoan, ohorezko kofradiakide izendatuko dute Mikel Sarriegi dantzaria eta dantza maisua.
Egilea
Tere Madinabeitia
Komunikabidea
Goierriko Hitza
Tokia
Beasain
Mota
Albistea
Data
2024/09/07

 

Igartzako Dantzarien Eguna da gaur Beasainen, eta aurten 18. edizioa betetzen duen ospakizunaren baitan, herriko kaleak eta Igartza monumentu multzoaren ingurua dantzaz eta musikaz bete dituzte eguerdian.

Dantzariak eta musikariak, 115 bat lagun guztira, Loinazko San Martin plazatik abiatu dira 12:00etan. Udaletxean bandera jaso eta gero, ordu erdiko bidea egin dute Beasaingo kaleetan zehar Igartzara iritsi aurretik. Han, beste dantza batzuen artean, Igartzako ezpata-dantza, San Martin dantza, eta zumitz dantza eskaini dituzte.

Guztira 105 dantzari aritu dira dantzan. Ezpata dantzarien buru Hodei Zabaleta aritu da, eta ezpata txikiekin Uxue eta Oihane Sarriegi, Mikel Intsausti eta Larraitz Goikoetxea. Dantzariei lagunduz, bederatzi musikarik jardun dute, eta komitiba osatuz, baita erraldoia ere, eta bi bandera handi.

Igartzako dantza saioa amaituta, partaide guztiek taldeko argazkia atera dute eta bazkarian elkartu dira gero, ohiko babarrun jana egiteko.

Sarriegi,  ohorezko kofradiakide
Egun honetako bazkalondoa Igartzako Dantzarien Kofradiaren une kuttuna izaten da, kofradiaren akta irakurri eta gero, ohorezko kofradiakidea izendatzen dutelako. Aurten, Aurtzaka taldeko  dantzari eta dantza maisu eta kofradiako kide den Mikel Sarriegik jaso du titulu hori. 

Igartzako dantzarien eguna amaitzeko, arratsaldean, trikitilari eta panderojoleekin erromeria eta triki-poteo ibiltaria izango da auzoan zehar, bertako jaiak alaituz.

 

Dokumentuaren akzioak